Koparako txartela poltsikoratuta

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko urt. 4a, 23:12

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Adorea, konpromisoa eta 10.000 zaleren presioa baliatuz hamaikagarren garaipena eskuratu dute beltzezko gizonek gaur Bartzelonaren kontra (73-67).

Hirugaren partidua zazpi egunetan eta aurreko bietan bezala garaipena lortu du Bilbao Basketek. Gaurkoa, gainera, ligako oilar baten aurka. Lehia estua, borrokatua eta emozioz beterikoa espero zen eta horrela izan da 40 minutuetan.

Markagailuak ez du menderatzailerik izan. Saskiratzeak kantxaren bi aldeetan izan dira, jokalari guztien artean banatuz etxekoak; Doellman, Thomas eta Huertasen artean banatuz kanpotarrak. Lehenengo laurdenaren amaieran hiru puntuko diferentzia besterik ez Bartzelonaren alde (20-23).

Xavi Pascualen piboten altuerak arazoak sortu dizkio M. Todorovic, Hervelle eta Willliamsi (taldea utziko zuela argitaratu bazen ere, ikusteke dago amerikarraren etorkizuna). Bilbao Basketen dorreek lan eskerga egin behar izan dute defentsa zein erasoko erreboteak lortzeko. Bigarren laurdenean Sito Alonsorenek defentsa estutu duten arren, puntuak pilatzen jarrraitzen zuten kanpokoek. Wraggeri kirolez kontrako falta polemikoa adierazi ondoren, Bartzelonak bere abantailarik handiena hartu du markagailuan (zazpi puntu). Atsedenaldian 37-38koa izan da markagailua, falta horren ondoren izandako 6-0ko partzial baten ostean.

Aldageletatik bueltan, norgehiagokaren norakoa ez da aldatu. Bi taldeak ligako defentsarik onenak zergatik diren erakutsiz eta aldea gora eta behera ibiliz markagailuan. Pascualen mutilek berriz zazpi puntuko errenta hartu dute, baina berriz ere bilbotarrek sei puntu saru dituzte diferentzia puntu batean utziz (Colomek azken segunduan hiruko bat sartu du).

Azken laurdena eta dena erabakitzeke. Hamaikagarren aldiz irauli du markagailua Bilbao Basketek eta Bartzelona aurretik jartzea ekiditu du, aldea estua zen arren. Amaitzeko bost minuturen faltan, partiduko jokaldia ailegatu da. 62-61 markagailuan eta bigarren jaurtiketa librea zuen Dejan Todorovicek. Kale egin du baina errebotea Williamsek hartu du. Honek serbiarrari bueltatu dio baloia eta argazkian ikusten den moduan Lamperen gainetik uztaia txikitu du, harmailetan bildutako 10.000 zaleen eromena sortaraziz.

"Miribilla efektua" topera ibili da lehia osoan, baina birrintze horren ondorioz burrunba izugarria egon da Bilbao Arenan. Partiduaren azken txanpan sartuta Bartzelonak presaka jokatu du, Bilbao Basketek markagailua eta denbora alde zuela. Amaieran 73-67 eta otsailean Kanaria Handian kopa jokatzeko txartela ziurtatu dute Sito Alonsorenek.

21 puntu eta 6 asistentiza lortuta eta taldea maisuki gidatuz, Quino Colom izan da Bilbao Basketen jokalaririk onena. Aipatzekoak ere Marko Todorovicen 10 puntu eta 9 erreboteak eta, Dejan Todorovicen 10 puntuak ere. Azken honek Dairis Bertansek bere lesioa dela eta utzitako lekua bikain hartu du azkenengo partiduetan.

Thomas (15 puntu, 7 errebote), Doellman (14 puntu, horietatik 11 lehenengo laurdenean) eta Huertas (10 puntu) izan dira onenak Bartzelona taldean.

Datorren igandean, hilak 11, Valentzia hartuko du Bilbao Basketek eguerdiko 12:00etan (ETB1).