Argi-izpien bidez mezu argia zabalduko da larunbatean Bilbon: "Hemen eta orain. Now Euskal Herria"

uriola.eus 2015ko urt. 7a, 14:52

Sare Herritarrak argitu duenez, dena prest dago larunbatean, urtarrilak 10, Bilboko kaleak beteko dituen euskal preso politiko eta deportatuen giza eskubideen aldeko mobilizazio erraldoirako. Gaur emandako agerraldian jendarteratu dutenez, Udaletxea eta La Casilla batzen dituen ibilbidea argi-izpiekin beteko da "munduari argi dugula adierazteko: Hemen eta orain. Now Euskal Herria".

Larunbateko mobilizazioaren atarian, Sareren izenean, Teresa Todak eta Joseba Azkarragak azaldu dute, Bilboko kaleek "mezu ozen eta garbi bat argituko dutela; giza eskubideen errespetua eta dispertsioaren amaiera".

Urteroko hitzorduari begira hainbat datu plazaratu dituzte. Besteak beste, dagoeneko 250 autobus gerturatuko direla Bizkaiko hiriburura eta beste milaka lagunek garraio publikoaren aldeko apustua egingo dutela. Era berean, bertaratuko diren herritarrei, dauden tokian daudela, "edozein ustekabeko gertaeraren aurrean gizalegez jokatzea" eskatu diete eta antolakuntzarako beharrezkoak diren 700 bolondresetako bat izateko www.nowbilbora.org atarian izena emateko aukera dagoela gogora ekarri dute ere.

Eguneko egitaraua

Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 15:00etara bitartean, Sarek karpa bat jarriko du Areatzan, elkargune eta informazio puntu bezala. Bertan, SARE herritar sarearekin zerikusia duen informazio guztia jasotzeko aukera egongo da; sarearen parte izateko aukera Sarekide fitxa betez, dispertsioaren liburuxkak konpartitzekoa, edota kamisetak erostekoa. 12:00etan lehen balorazio publikoa eskainiko dute karpatik bertatik.

Bestalde, egun osoan zehar, Alde Zaharrean "aldarrikapen giroa" nagusituko dela jakinarazi dute.

Mobilizazioaren nondik norakoak

Toda eta Azkarragak esandakoaren arabera, Mirentxineko bolondresek eta senideek abiatuko dute mobilizazioa, 17:30ean, Casillatik eta Udaletxetik abiatuta eta elkargunea izango den Zabalburuko plazara eramango dute jendetza.

Gogora ekarri dute ere, ibilbidean zehar, ehundaka bolondresek diru-bilketa egingo dutela ekimena aurrera ateratzeko beharrezkoak diren gastuei aurre egiteko. Hori dela eta, parte hartzaileei gonbitea luzatu diete ahal den neurrian, ekarpen ekonomikoa egitera.

Zabalburuko ekitaldia "xumea" izango dela eta Saroi Jauregik eta Fermin Muguruzak gidatuko dutela aurreratu: dute. Bertan ere, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza bertsotan arituko dira eta Agus Barandiaran, Rafa Rueda eta Aire Ahizpa musikariek ekarpena egingo dute. Bi senidek ere hartuko dute hitza.

Garrantzia berezia eman diote Bilbon sortu nahi den argi-izpiari. Batuko diren milaka lagunei, megafoniak hala adierazten duenean, argiak piztu eta elkar jasotzeko eskatuko diete "munduari argi dugula adierazteko; Hemen eta orain. Now Euskal Herria!".