Zergatik bukatu behar da dispertsioarekin?
Krudela delako, gehitutako zigor bat delako eta ilegala delako. Arrazoi sendo asko daude, juridikoak, soziologikoak, politikoak, baina batez ere gizalegezkoak, dispertsioari berehalako bukaera ipintzeko.
Posible da?
Egia esan eta Espainia eta Frantziako gobernuen jarrerak ezagututa... pertsonalki ez naiz oso optimista den horietakoa. Dena den idartsu datoz dinamika hauek eta ikusi beharko da noraino heltzen garen. Interesgarria iruditzen zait Sarek duen ikuspuntua arazoa nazioartera zabaltzeko. Orain, maintenant, ahora, now. Lau hizkuntza erabili ditu Sarek munduari eskubide urraketa larri hauen berri emateko.
Zertarako balio du egun dispertsioak?
Espainia eta Frantziaren tresna bat gehiago gure kontra aritzeko. Preso eta senideok suntsitzeko, bakarrarazteko, gizartetik apartatu eta desgastatzeko. Baina egoera oso gogorra den arren, esango nuke ez dutela lortu. Astebururo irrifarrerik haundienarekin heltzen gara milaka kilometrotara dauden kartzeletara, beraien harridurarako. Gogorra da egoera baina gogorragoak gara gu. Dena den bukatu egin behar da honekin. Eta bukatu behar da lehenbailehen. Dispertsioaren amaiera ez da soilik euskal jendartearen eskaera, epaileen artean ere sortu dira dispertsioa zalantzan jartzen duten ahotsak.
Zein helburu du urtarrileko manifestazioak?
Presoen eskubideen defentsan Euskal Herrian garatzen ari den Sare Dinamikak 2014 urtearekin bat hasi zuen lanari bultzada berria ematea bihar, urtarrilak 10, Bilboko kaleak leporaino betez. Urtarrileko erakustaldi erradoiak sufrimendua ezabatzeko eta konfrontazioa amaitzeko bidean oinarri sendoak ezarri nahi ditu, bai esperantzari bai konponbideari beste lehio bat irekitzeko. Eta nola ez, etxean ez dauden preso eta iheslariei gure berotasuna eta maitasuna adieraztea.
Zein mezu zabalduko da Bilbok kaleetan?
Bilbotik mundura hedatuko den mezua Euskal Herrira now izango da, eta horretarako molde berria erabiliko du Sarek. Ez da ohiko manifestazioa izango. Bi ibilbide izango dituen mobilizazio jendetsu eta parte-hartzailea izango da, jendartearen aniztasunean oinarriturikoa, non pertsonok izango garen protagonista aktiboak. Arratsaldeko 17:30ean zutabe batek Udaletxetik ekingo dio ibilbideari eta ordu berean beste batek Casildaltik, Zabalburu plazan elkartzeko. Formatu berri honekin, borondate ezberdinak biltzeko puntu bat badela erakutsiko dugu.
Kanpora begira jarri da Sare Dinamika. Zergatik?
Sare kanpora begira jarri da, munduko eragile ezberdinak ere eskubide urraketa hauen aurka mugi daitezen. Ahalik eta jende, herrialde, eragile gehien inplikatu, presio gehiago sortuko da eta hori izan daiteke bidea zerbait lortzeko. Lanerako tresnatzat darabil Sarek Dispertsioaren liburuxka, lau hizkuntzetan idatzitakoa. Epe laburrean hizkuntza gehiagotan ere eskuratu ahalko da. 500.000 liburuxka horiek hasi dute jada euren bidea munduan barrena.