Ainhoa Etxaide: "Berriro salatu behar dugu askatasun demokratikoaren aurkako eraso bat"

uriola.eus 2015ko urt. 12a, 11:17

Guardia Zibilak LABen Biboko egoitza osoa miatzeko orden "generikoa" duela jakinarazi du sindikatuko buru Ainhoa Etxaidek. Jasotako elkartasuna handia dela eta, "ez dago xake-mate egiterik", Etxaideren esanetan.

"Berriro ere LABen egoitza batean" sartu izana salatu du Etxaidek: "Ez dugu ezagutzen estatu demokratikorik non Guardia Zibilak sindikatu eta erakunde politiko legalen egoitzak miatzen dituen normaltasun eta naturaltasunarekin. Berriro ere salatu behar dugu hau askatasun demokratikoaren aurkako eraso bat dela".

LABen jarduera "berriro jomugan" jarri dutela adierazi du Etxaidek. Operazio orokorra "presoen elkartasunaren aurakako operazioa dela ulertzen dugu, Estatuak larunbateko mobilizazioari emate dion erantzuna dela, duela urtebete berdin-berdina egin zuten".

Dei egin dio Etxaidek jendarteari "mobilizatzera" eta "larunbatena erakutsitako lanean jarraitzera". Eragile eta erakundeei, berriz, gogorarazi die "akordioak lortzeko garaia" dela eta "Euskal Herriak behingoz eszenatoki demokratiko oso bat ezagutzeko urratsak emateko" eskatu die. 

Larunbatean presoen eskubideen aldeko mobilizazioan bildutako dirua eraman du Poliziak Etxaidek jakinarazi duenez 'Mate' izena jarri dion operazioaren baitan. Jasotako elkartasuna handia dela eta, "ez dago xake-mate egiterik", Etxaideren esanetan.

16:00etan egitekoa zen prentsaurrekoa bertan behera utzi du LABek "miaketak aurrera jarraitzen duela ikusita". Gaur beharrean bihar eguerdian egingo du sindikatuak 'Xake' operazioaren irakurketa.

18:00etan Guardia Zibilak LABen egoitza miatzen jarraitzen zuen. Kanpoan elkarretaratzea hasi da. Guardia Zibilak ezarritako segurtasun eremura Ertzaintzaren bi furgona ere hurbildu dira. "Lotsagarria Ertzaintzak Guardia Zibilaren babesle paperean berriro" jardutea Maribi Ugarteburuk salatu duenez.

Argazkia: @mugarteburu

 

Miaketa

LAB sindikatuak Errekalde zumarkaleko 62. zenbakian duten egoitza miatzen ari da, atxilotu bat eta bi langile barruan direla. Itxita dauka Guardia Zibilak Errekalde zumarkalea sei Patrol eta auto batekin.

Atxiloketaren eta miaketaren berria zabaldu bezain pronto, hainbat lagun hurbildu dira LABen egoitzara. 'Konponbide garaia da, errepresiorik ez' dioten kartelak eskutan, "Borroka da bide bakarra" oihukatzen dute Guardia Zibilak itxitako eremuaren aurrean. 

ELA eta ESK sindikatuetako zenbait ordezkari ere bertaratu dira Labeko kideei babesa agertzera.

STEE-EILAS sindikatuak "amorrua eta oinazea" agertu du gaurko operazioaren aurrean eta "hau ez dela bidea" adierazi du: "Atxilotuak kaleratu behar dituzte eta bultzada politikoa duten ekimen hauek bertan behera gelditu behar dira betiko". (STEE-EILASen komunikatua)

 

Argazkiak: