2015ean Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak hiriko eta lurraldeko turismoa sustatuko dute kanpo merkatu igorleetan, bai europarretan eta bai merkatu amerikar tradizionaletan. Azken horietan lana egiten hasiak ziren eta orain merkatu berriak ere landuko dira, iparraldeko herrialdeetakoa, garatzeko bidean dauden ekonomietakoa eta aireko lotura berriak dituzten hirietakoa, esaterako.
Azken hamar urteotan izandako atzerriko bisitarien gorakada indartzea litzateke helburua. Bilbon eta Bizkaian izandako turismoaren gorakadak %117,5eko hazkundea ekarri du bisitarien sarreran kasuan eta %97,4koa atzerritarrek berton igarotako gauena.
Zifra horiekin, kanpo merkatu igorleak erakartzea berebizikoa da Bizkaiko sektore turistikoarentzat, bereziki merkatu europarra. Azken hori geografikoki hurbil dagoenez, garrantzitsuena da Bilbo eta Bizkaia bisitatzen duen atzerriko turismoan.
Atzerriko fluxuak handitzeko, Bilbao Bizkaiak dozena bat nazioarteko azokatan baino gehiagotan parte hartuko du, sektoreko profesionalei zuzendutako ekitaldi eta jardunaldi desberdinetara joango da eta lurraldea eta hiria helmuga turistiko gisa aurkeztuko du hainbat herrialdetan.
Europan
Europako merkatuen baitan, turistak erakartzeko lanean jarraituko da bi eremutan, bereziki: beti landu izan diren eta Bilbok eta Bizkaiak jasotzen dituen atzerriko bisitari gehienen jatorria diren herrialdeetakoa (Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta Italia) eta iparraldeko herrietakoa. Azken horietan pasa den urtean hasitako lanarekin jarraituko da eta Munduko Saskibaloi Txapelketara etorri ziren finlandiarrek izandako esperientzia onari probetxua ateratzen saiatuko dira, herrialde horietatik bidaiatzen duten pertsonen profila oso erakargarria delako. Izan ere, batez besteko gastua eta egonaldia gainditzen dituzte.
Horrela, Bilbok eta Bizkaiak beren baliabide turistikoak ezagutaraziko dituzte Europan. Aktiboki parte hartuko dute Paris, Berlin, Londres, Cannes, Frankfurt, Bolonia eta Riminiko azoketan, besteak beste. Lurraldearen eta hiriaren eskaintza turistikoa Matkan ere izango da, aste honetan bertan ospatzen ari den Finlandiako ekitaldirik garrantzitsuenean. Ferie for Alle-n ere izango da otsailean, Herning-en (Danimarka). Herrialde horietan gure turismoa sustatzeko estrategiaren parte litzateke. Estrategia hori osatzeko, Travel Match-en parte hartuko dute, Norvegian bertako sektore turistikoko 300 profesional bailo gehiago bilduko dituen ekitaldian alegia.
Amerikan eta “BRICS” izenekoetan
Turismoa sustatzeko ekintzak beste bi merkatu “tradizionaletan” ere gauzatuko dira: Estatu Batuak eta Kanada. Bertan ekitaldi desberdinetara joango dira gure hiriaren eta lurraldearen xarmak ezagutzera emateko. IMEX izango da ekitaldi horietako bat, Las Vegasen egiten dena eta Estatu Batuean mundu mailako erreferentzia dena pizgarri-bidai, batzar eta ekitaldietarako.
Gainera, garatzeko bidean dauden eta “BRICS” izenez ere ezagutzen diren herrialdeak ere landuko dira (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika), biztanleria handia eta hazkunde ekonomiko garrantzitsua dutelako eta beraz aukera ona direlako.
Bisitariak eta negozio-aukerak sortzeko potentzial handia duenez, Bilbao Bizkaia Mosku, Sao Paulo eta Shangain ere sustatuko da. Azken hiri hori gakoa da Asiako merkatura sarbidea izateko eta jada jada badaude lankidetza-akordio batzuk turismoaren sustapenaren alorrean.
Gainera, apirilaren 27tik 30era bitartean egingo diren European Cities Marketing jardunaldietara joango da. Bertan workshop eta topaketak egingo dira nazioarteko turismoaren sektoreko enpresekin.
Azoka espezializatuak
Bilbao Bizkaiak turismoa sustatzeko eta erakartzeko ekintza zehatzak ere gauzatuko ditu luxuaren eta itsas bidaien sektorean espezializatutako ekitaldietan, hiriko turismoan duen eragina handitzeko. Zehatzak izateko, hiria eta lurraldea ondorengo ekitaldietan izango dira: ekainean Shangain egingo den International Luxury Travel Market (ILTM Asia), martxoan Miamin egingo den Seatrade Cruise Shipping Convention eta azaro amaiera eta abenduaren hasiera bitartean Cannesen egingo den International Luxury Travel Market.
Atzerriko turismoak Bilbao Bizkaian duen garrantzia
Turismoak Bizkaian izan duen hazkundea atzerriko merkatu igorleetan oinarritzen da. Azken 10 urteotan turismo horrek gora egin du nabarmen eta Bizkaiko eta Bilboko turismo osoaren %32,68 izatetik %37,98 izatera igaro da.
Atzerriko merkatu nagusien artean ondorengoak dira nabarmenenak: frantsesa, beste herrialdeetatik datorren turismo osoaren %18,34; alemaniarra, estatutik kanpoko turisten sarreren %10,55; eta britainiarra, atzerritik datozen bisiten %9,11.
Pasa den urtean beste merkatu batzuek hazkunde nabarmena izan zuten, tartean finlandiarrak (Munduko Saskibaloi Txapelketari esker) eta garatzeko bidean dauden herrialdeetakoak, Brasilekoak esaterako. Atzerriko turismo osoaren %3,48 eta %1,55 izan ziren, hurrenez hurren.
Estatuan
Bilbao Bizkaia estatuko mugen barruan ere sustatuko da. Izan ere, atzerriko turismoa hazi bada ere, estatukoak du gehiengoa gaur egun.
Hiria eta lurraldea sustatzeko egutegiko lehen hitzordu garrantzitsua FITUR izango da, estatuko ekitaldi turistiko garrantzitsuena eta nazioartean erreferentea dena. Hurrengo hitzordua maiatzeko Expovacaciones izango da, non barruko euskal merkatua izango den protagonista. INTURen parte hartzea ere aurreikusten da, Valladoliden, eta baita turismoaren sektoreko enpresekin egiten den EIBTM topaketan ere. Azken hori hil honetan bertan egingo da Bartzelonan.
Turismoaren sektorearentzako foru diru-laguntzak
Kanpoan Bilbao Bizkaia helmuga turistiko gisa sustatzea turismoaren alorreko estrategiaren ardatzetako bat da, hazten ari den sektore gaztea indartzen laguntzeko beste ekintza batzuekin batera.
Azken horien artean daude Bizkaiko Foru Aldundiak turismoaren alorreko enpresa eta produktu berriak sortzeko, horiek merkaturatzeko, baliabide turistikoei balioa emateko edo programazio turistikoan erreminta teknologikoak erabiltzeko ematen dituen diru-laguntzak.
Diru-laguntza horietarako 800.000 euroko aurrekontua egongo da aurten, hiru partidatan banatuta: 100.000 euro udalentzat, udal erakunde autonomoentzat eta lurraldeko mankomunitateentzat; 385.000 euro irabazi asmorik gabeko elkarte, fundazio eta erakunde pribatuentzat; eta geratzen diren 315.000 euroak sektoreari lotutako enpresen artean banatuko dira.