Rosa Luxemburgen ekarpenen gaurkotasuna eztabaidagai

uriola.eus 2015ko urt. 16a, 09:40

Berlinen 1996tik antolatzen dute 'Rosa Luxemburg Konferentzia'. 2.000 lagunetik gora elkartzen dira urteroko bilkuran. Bertan Rosa Luxemburgek egindako ekarpen teoriko-praktikoen gaurkotasunaz mintzatzeaz gain, herritar mugimenduen bilakaeraz eta etorkizuneko aukerez eztabaidatzen dute. Bilbon, gaur, konferentzia antolatu dute.

"Ezker internazionalista eta kapitalismo heteropatriarkalaren aurkakoen arteko topagunean sinisten dugulako erabaki du" Rosa Luxemburg Lagunak elkarteak Berlineko eztabaidak Euskal herrira ekartzea. Rosa Luxemburgen ekarpenetatik abiatuta, "gaur egungo ezker eraldatzaileak dituen erronka nagusiak mahai gainean jarri eta eztaidatzea" du helburutzat.

Solasaldi "akademizista" alboratuz, errealitatetik abiatutako eztabaida piztu nahi du Rosa Luxemburg Lagunak, Baskale eta GITE-IPES elkarteen laguntzarekin. "Iraganeko eskarmentua gaur egun ditugun erronkekin josiz".

Bilboko 'Rosa Luxemburg konferentzia'-k bi ekitaldi izango ditu, biak gaur, urtarrilak 16, izango dira.

'Rosa Luxemburg eta langileen borroka' gaia jorratuko dute Lorea Agirre Rosa Luxemburg liburuaren egileak eta Arturo Izarzelaia histoarialariak, 18:00etan, San Frantziskoko auzo etxean.

'Euskal sozialismoa gaur egun' gaiari buruz hitz egingo dute Karmelo Landa EHUko irakasleak eta Olatz Duñabeitia Joxemi Zumalabe fundazioko kideak, 20:00etan, Hika Ateneoan.