Athletic

Kopak pizten gaitu

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2015ko urt. 14a, 17:08

Argazkia: www.athletic-club.net

Athleticek Kopako norgehiagoka jokatuko du arratsaldeko 20:00etan Celtaren aurka. Bi goleko errenta daukate zuri-gorriek, 2-4 irabazi zuten Vigon, baina lehiaketa honetan edozer gerta daiteke.

Izan ere, Valverderen taldea, denboraldiko bigarren momentu txarra bizitzen ari da. Ligako azken partidak benetan eskasak izan dira, bai jokoaren aldetik, bai jokalarien gogoen aldetik. Vigon eskuratutako errentari esker partida lasaia izan daiteke, Celta hiru gol sartzera behartuta dago, baina, hau Kopa da, eta 90 minututan gauza asko pasa daitezke, atzo Valentziari pasa zitzaion bezala.

Aurrean Berizzoren Celta egongo da, Athletic baino askoz hobe ez dabilen taldea. Denboraldi hasiera eder bat egin zuten, baina ligako azkenengo zazpi partidetan ez dute garaipen soil bat ere eskuratu. Beraz, krisi epean dabiltzan bi talde egongo dira aurrez-aurre Katedralean. Hori bai, Celtak askotan erakutsi du aurrealdean daukan indarra. Futbol bizia egiten duen taldea izan da beti, erasora behin eta berriz jotzen duena, eta egun ona izanez gero, hiru gol horiek sartzeko gai izan daiteke.

Pasadan denboraldian ez legoke inolako problemarik partida honetarako. Baina aurten, edozerk eragin dezake sekulako hondamena zuri-gorriengan, eta Valverde, momentuz, ez da konponbide on bat emateko gai. Talde ahula da, konfiantza gabekoa, eta jokalari onenek ihes egin dutela dirudi. Egun aproposa izan daiteke minutu gutxi jokatu duten jokalariek aurrerapauso bat emateko, eta Etxeitak egin zuen bezala, hamaikakoan lekua dutela erakutsi dezakete.

Williams aurrelari gaztea deialdian sartu da berriro, eta Viguera, azkenengo partidetan txarto ibili ez dena, kanpoan geratu da Solarekin bat. Toquerok, azken partidan gogo gehien jarri zuena, aukera izan dezake gaur jokatzeko, taldekideak pizteko erabilgarria dela esan baitzuen Valverdek prentsa aretoan. Atean Iago Herrerin egongo da, hori bakarrik argitu zuen atzo entrenatzaileak, hamaikakoaren nondik-norakoak ez zituen argitu.

Hauek dira deialdian sartu diren jokalariak: Iraizoz, Toquero, Laporte, Erik Moran, Beñat, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Bustinza, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, X.Etxeita, Mikel Rico, Gurpegi, Muniain, Aduriz, Balenziaga, Unai Lopez eta Iñaki Williams.