Osoigo heldu da euskal politikara

uriola.eus 2015ko urt. 15a, 16:44

Politikariek herritarren galderak erantzuteko gune digitala da Osoigo. Guztira 33 euskal politikari ari dira Osoigon parte hartzen, jasotzen dituzten galderak erantzuteko konpromisoa hartuta. 

Osoigo, herritarren galderak politikarien erantzuna jasotzen duten ataria da. Gaur argitara eman du bere bertsio berritua, tokian tokiko alkategaiak eta parlamentu autonomikoetako politikariei ere tokia eginda. Guztira 140tik gora dira jada parte-hartzeko prest agertu direnak. Urtebete igaro da Zarautzeko bi gazteri herritarrak eta politikariak hurbiltzeko webgune bat sortzea bururatu zitzaienetik, eta proiektuak bere tokia aurkitu du, komunikazio publikorako tresna erreferente bihurtzeraino. 

“Politikarien konpromisoa borondatezkoa da, eta herritarren iragazkiaren arabera erabakitzen da zein galdera iristen diren politikariarengana”, dio Eneko Agirre proiektuaren sortzaileak. Bere kide Oier Aranzabalekin batera, Madrilera bidaiatu zuen proiektua diputatuei aurkeztu eta parte-hartzera bultzatzeko. “Ez genuen horren harrera beroa espero. Eta begira noraino heldu garen”. Osoigo 2.0-ren zabalkundearekin, (diseinua eta kontzeptua berrituta) estatuko 20 alderditako politikarik parte hartzea lortu dute.

 

Hausnarketa: Politika lokalera saltoa

Gari Iruretagoienak, diseinatzaile eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak, eta Edukien Sailaz arduratzen den Lander Arretxea kazetariak bideratu dute proiektuaren transformazioa. “Uda mugitua izan da, eta asko hausnartu dugu sareko gardentasuna eta Osoigok eskain ditzakeen aukeren inguruan”, dio Iruretagoienak.

Gakoetako bat udal politikara eta politika autonomikora igarotzea izan da. Arretxearen arabera, aldaketa estrategiko handia izan da: “Gure herriko alkate, zinegotzi edo hautagaien gainean egon eta haien erabakien zergatien berri izateko nahiko izango da galdera bat egitea, erantzuteko prest baitaude. Hori pentsaezina zen orain gutxi arte”. Aurrerapen teknologikoak eta egun politika egiteko modu konbentzionala ezbaian egoteak lagundu dute proiektuaren garapena, sortzaileen arabera.

 

Parte-hartzaileak 

Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Idoia Mendia (PSOE), Aitor Esteban (EAJ), Rafa Larreina (Amaiur), Odon Elorza (PSOE), Iñaki Anasagasti (EAJ), Laura Garrido (PP), Pello Urizar (EH Bildu) eta Aitziber Ibaibarriaga (EH Bildu).

 

www.osoigo.com