Bilboko Udalak Otxarkoagako prestakuntza zentroari eman dio 2014ko Iparra-Hegoa saria

uriola.eus 2015ko urt. 21a, 09:21

Sariarekin irakasleen, ikasleen eta auzoaren beraren arteko elkar eraginezko jarduna saritu nahi izan du Udalak, Bilboko eskola-eremuan kultur artekotasuna sustatzeko egindako ahalegina.

Bilboko Udalak Otxarkoagako prestakuntza zentroari eman dio eskolen modalitateko Iparra-Hegoa saria. 2013an Bilbotar Ospetsuaren titulua jaso zuen zentroak, konpromisoa, inplikazioa, elkarbizitza, elkarrizketa eta talde-lanean egindako ekarpenagatik. Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak Otxarkoaga auzoari oso lotuta dagoen Prestakuntza Zentroak irakasleen, ikasleen eta auzoaren beraren arteko elkar eraginezko jarduna saritu nahi izan du, Bilboko eskola-eremuan kultur artekotasuna sustatzeko egindako ahalegina.

Aldi berean, Bizkaiko Caritasen Nazioarteko Lankidetzako eta Migrazioetako sekzioaren lana ere saritu nahi izan du Udalak eta sariaren dotazio ekonomikoaren erdia, 1.500 euro, berarentzat izango da.

Iparra-Hegoa Sarien helburua da, balioetan oinarritutako hezkuntzarekin, batik bat elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren esparruan, konpromisoa duten ikastetxeen ekimena aintzat hartzea; hezkuntza arloko jarduera solidarioak garatzea eskoletan, bidezkoagoa izango den gizartea eraikitzeko eta kultura parte-hartzailea, kultur aniztasuna solidarioa eta herritarren konpromisoa duena sendotzea eta zabaltzea.

 

Majarba proiektua: kultur arloko trukea

Horregatik guztiagatik, Bilboko Udalak antolatzen duen Iparra-Hegoa Sarietako Eskola Solidarioen modalitateko laugarren edizioko epaimahaiaren ustez, Otxarkoagako Prestakuntza Zentroak eta Bizkaiko Caritasek aurkeztutako proiektua da ezarritako irizpideak ondoen betetzen dituena. Izan ere, Lanbide Eskolaren ibilbidea, oparoa inondik ere, biztanle-talde ahulenei lotuta egon da, 12 eta 25 urte bitarteko ikasleekin jardunez eta dedikazio berezia eskainita eskola-porrota jasan duten pertsonei, arazo sozialak dituztenei edo hezkuntza-behar bereziak dituztenei.

Erantzun anitzak bilatzen dituen ikaskuntza-prozesua, Hezkuntzako Lehenengo Harrera programa esaterako, 2009/2010 ikasturtean egin zena aurrenekoz eta Majarba proiektuaren aitzindari izan dena. Proiektu hori eskolaratze-programa osagarria da, kultur arloko trukearekin lotutako alderdiak landu nahi dituena eta Zentroan dauden kulturak elkarrengana hurbildu nahi dituena.

Zentroko pertsonen jatorrien arteko berdintasuna bultzatzen du Majarba proiektuak Otxarkoagako Prestakuntza Zentroan, eta ez bakarrik une honetan dauden ikasleen artean; izan ere, ikasle izandakoen eta familien inplikazioa ezinbestekoa da integrazioko eta kultur artekotasuneko planen jarraipenerako, hain zuzen ere zentroko agente guztien –zentroko ikasle, irakasle, familia eta gainerako ikasleen- barrenak astinduko dituen planen jarraipenerako bideak ezarri ahal izateko.

Duela mende erdi baino gehiago, 1964an, Avril mendiaren magalean abian jarri zen Otxarkoaga auzoko hezkuntza integraleko Elizbarrutiaren zentroa. Eskolaren helburua izan zen gazteei eta nerabeei prestakuntza ematea, metodologia pertsonalizatua, motibatzailea eta malgua eskainita, ikasleen banakako beharrei erantzun ahal izateko.

Une honetan prestakuntza zentroa LOGSEari egokituta dago eta bere eragin-eremua Bilbo metropolitarrera zabaldu du eta gainera, lanean ari direnentzako etengabeko prestakuntza ere eskaintzen du; 700 ikasle inguru ditu, 12 eta 25 urte bitartekoak.

Bilboko Elizbarrutiko Caritasek Nazioarteko Lankidetzako programa sortu zuen 1995ean. 2001ean, beste herri batzuetatik Bilbora gero eta pertsona gehiago iristen zirela ikusita, Bizkaiko Caritas erakundeak etorkinei programa guztietan arreta deszentralizatua ematearen aldeko apustua egin zuen. Globaltasunaren ikuspegitik eta ikusita migrazio-prozesuak ulertzeko orduan garatze-bidean dauden herrialdeetan miseria sorrarazten duten egiturazko kausak funtsezkoak direla, Caritasek abian jarri zuen Nazioarteko Lankidetzako eta Migrazioetako programa. Programa horrexek jaso du Iparra-Hegoa sarien laugarren edizioko saria Otxarkoagako Prestakuntza Zentroan.

Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak urtero antolatzen duen Iparra-Hegoa sariko Eskola Solidarioen modalitateko helburua da ardurakidetzaren printzipioa bultzatzea mundu bidezkoagoa eta solidarioagoa egiteko bilbotarren artean. Horiek horrela, azken edizioko epaimahaik ez ditu aipatu gabe utzi nahi izan sariketara aurkeztu diren gainerako ikastetxeetako lanak: Berrio-Otxoa ikastetxeak 'Campaña Norte-Sur en el Colegio Berrio-Otxoa' proiektua eta Deustuko ikastolak “Anitzak garela jakinda, berdinen arteko lankidetza” plana aurkeztu du. Izan ere, epaimahaiaren ustez, aipatzeko moduko lana egin dute guztiek.

 

Beste urte batzuetako saridunak

Eskola Solidarioen I. edizioan, 2011n, Santutxuko Luis Briñas LHIk jaso zuen saria eta 2012koan Deustuko Botikazar BHIk. 2013an, aldiz, Eskolapioen ikastetxeak irabazi zuen.

 

[2015/01/20] Eskola solidarioen ‘Iparra-Hegoa’ saria Otxarkoagako Lanbide Heziketako Ikastetxeak jasoko du