Jolas honen helburuetako bat gazteek lan merkatuaren baldintzak hobeto ezagutzea da. Ironia ardatz dutela, 24 kutxatila erabili dira gazteek lan munduan topatzen dituzten egoera anitzak ikustarazteko: langabezia, praktika ez laboralak, bekak, soldata baxuak, formazio kontratuak, lan emigrazioa, kontraturik gabeko lanak...Prekariokak oka joko tradizionalarekiko duen ezberdintasun bakarra da behin azken kutxatilera helduta, jokoa ez dela bukatzen. Horrela ba, leloan isladatzen da EGK-k egin nahi izan duen salaketa: "gazteriaren lan baldintzak ez dira jolasa".
Dagoeneko jokoa interneteko webgunean ikusgai dago. Gazteen parte hartzearekin osatu nahi dute jokoa eta horregatik gazteren batek bizi izan duen egoeraren bat faltan botatzen badu edo jasota dagoen bati ekarpenik egin nahi izanez gero, bere iritzia webguneko iruzkinetan argitaratu dezakeela azaldu dute Kontseiluko arduradunek. Berezko kutxatil bat sortu da honetarako, 22.a "prekarietateak beste mila aurpegi ditu" izenarekin.
Jokoa eta gazteen iritziak, Administrazioetara
Oka jokoa administrazioei bidali die kontseiluak, batez ere gazteria eta enpleguan eskumenak dituztenei. Hurrengo asteetan gazteengandik jasotzen diren ekarpenak ere kontutan izango dira "prekarietatearen eta errealitatearen irudia osatzeko oso baliagarria izango delako" eta, ideia hauek batu eta adiministrazio eta politikariei helaraziko zaie. Ahalik eta zabalpen handiena lortu nahi dute, horregatik, gazteak kutxatila guztiak ezagutzera eta jokoa sare sozialetan elkarbanatzera gonbitea egin du kontseiluak.
Proiektu honek EGK-k aurretik egindako beste ekimenen ildoa jarraitzen du, lan emigrazioaren inguruko "SOS Gazteak" edo ekintzailetzaren "Gazte, ¿Emprendes o empierdes? #EkinalaPlof" kanpainak, besteak beste.
Bestalde, EGKren baitan biltzen den eta entitate ezberdinetatik zein izen propioan parte hartzen duten gaztez osatuta dagoen “gazteak eta enplegua” lan taldeak lanean jarraitzen du eta gazteak bertan parte hartzera gonbidatzen ditu. Orain gazte hauek lantzen ari direna: gazteen prekarietateari aurre egiteko proposamenak plazaratzea; aurtengo udaberri aldera egingo da.