Iñaki Carro: "Denborak argi utzi duena da kaltetu bakarra Errekalde auzoa izan dela"

uriola.eus 2015ko urt. 28a, 10:03

Gaur hasita, urtarrilaren 30era arte luzatzea aurreikusita dago 23 lagunen aurkako epaiketa Kukutza III gaztetxea okupatzeagatik. 960 euroko isuna eskatzen dio fiskalak bakoitzari, eta lagun bati hiru urte eta egun bateko espetxe zigorra Ertzaintzari hainbat objektu jaurtitzeagatik. Eraikinaren jabeak akusazio partikularra kendu du.

Epaituak izango diren gazteen abokatu Iñaki Carrok Bizkaiko Auzitegian sartu baino lehen adierazi du "akusazioa Kukutzaren okupazioa bada ere, Kukutzaren inguruan sortutako elkartasun mugimendua" dela epaituko dena. Era berean, Carrok argi dauka, "deliturenbat egoteko, kalteturenbat egotea beharrezkoa dela eta kasu honetan, Errekalde auzoa izan dela kaltetu bakarra". 23 lagunak babesteko hainbat pertsona elkartu dira goizeko 8:30etatik Buenos Aires kalean 'Elkartasuna ez da delitua' aldarrikatzeko. Txokolatea egon da hotzari aurre egiteko. 

Fiskalak lau hilabetetan egunean 8 euroko isuna eskatzen dio auzipetu bakoitzari, alegia 960 euro. Horrez gain, teilatuan zegoen kide bati hiru urte eta egun bateko espetxe zigorra eskatzen dio fiskalak.

Ertzaintzaren arabera, kaleratzearen unean teilatutik behera hainbat objektu botatzeagatik. Elkartasun taldeko kideek esan dute eskaera hori Ertzaintzaren "mendeku garbia" dela: "Irudietan argi ikusten da ez zela horrelakorik gertatu".

Prozesu guztiaren "zentzugabekeria" salatu du Kukutzarekin Elkartasun Taldeak. Cabisa enpresaren salaketa batek ahalbidetu zuen gaztetxearen hustea eta eraistea. Elkartasun taldeko kidentzat "harrigarria da" gaztetxearen okupazioaren epaiketa heldu denean Cabisak akusazio partikularra kentzea. Epaiketan erabaki beharko da gaztetxeko kideek Cabisari eraikinaren jabetza usurpatu zioten edo ez. "Enpresaren jokaerak argi uzten du hustearen atzean udala dagoela". Elkartasun taldeko kideek gogoratu dute eraikini eraitsi ostean urtebeteko tartea zuela enpresak eraiki behar zituen etxeetako lanak hasteko. "Hiru urte eta erdi pasa dira gaztetxea eraitsi zutenetik eta orubeak berdin jarraitzen du. Non daude egin beharreko etxeak? Ez al zuten horrenbesteko presarik? Ez dute lotsarik".


Espetxe zigor eskaerak
Gaurtik aurrera 23 lagun epaituko dituzten arren, elkartasun taldeak gogoratu nahi du beste hogei lagunek epaiketaren zain daudela oraindik. Eraistearen egunean "euren elkartasuna adierazteko Errekaldera hurbiltzegatik", eta Ertzaintzaren "sorgin ehizaren ondorioz" 18 eta 30 hilabeteko espetxe eskaerak dituzte. "Gaztetxerik gabe utzi gintuzten eta orain espetxeratu nahi gaituzte", esan dute auziperatuek. Era berean, salatu dute auziperatuen aurkako froga bakarra ertzainen deklarazioak direla. "Oso eskaera larriak dira deklarazio hutsean oinarrituta egoteko", adierazi dute.

Hori dela eta, Kukutza bere sentitu duen edonori deia egin diote auziperatuen alde egiteko. "Urteak pasa dira, baina oraindik pertsona batzuek zigor handia jaso dezakete milaka pertsonek egindako gauza bera egiteagatik: egoera bidegabe bat salatzeagatik".

 

Ostiralean, manifestazioa

Urtarrilaren 30ean, ostiralarekin, manifestazioa deitu dute Kukutzarekin Elkartasun Taldeko kideek, 20:00etan, Sabin Etxean. 

Ametsak egi bihurtuz
Elkartasun taldearen ustez, Kukutza III gaztetxeak hamahiru urtez autogestioaz "helburu handiak lor daitezkeenaren adibidea" izan da. "Auzotik eta auzoarentzako proiektua zen, instituzio publikoetatik kanpo eta ikaragarrizko sareak sortu zituen auzokide eta gainontzeko herritarren artean. Hori udalak ezin zuen onartu". Erabat utzita zegoen eraikina okupatu zuen 1998an gazte talde batek, eta "ezerezatik Bilboko sorkuntza gunerik garrantzitsuenetakoa" egin zuen. Lehen mailako artistek jo eta antzeztu zuten bertan. Baina Kukutza ez zen lehen lerroko artistentzako antzokia, herritarrek euren ametsak aurrera ateratzeko tresna baizik. Ezin ahaztekoak dira besteak beste, dantza, antzerki, zirku jostura tailerrak edota barazki jantokia. Baina garrantzitsuena da "ia dena debekatua dagoen mundu indibidualista batean, ahalduntze proiektu kolektiboa sortu zutela, eta hori bera izan zen haren sententzia".  

kukutzarekin.wordpress.com

 

[2015/01/21] Kukutzaren okupazioa epaituko dute

[2015/01/20] Kukutza "defendatu" zuten 23 lagunen kontrako epaiketa salatzeko protestak deitu dituzte

[2014/12/23] Kukutza eraistera joan ziren hondeagailuei aurre egindako pertsonak epaituko dituzte epe laburrean

[2014/07/04] Kukutzaren ondorengoa izango den eraikina okupatu dute Errekalden