Kukutza eraistera joan ziren hondeagailuei aurre egindako pertsonak epaituko dituzte epe laburrean

uriola.eus 2014ko abe. 23a, 09:12

Urtarrilaren 28, 29 eta 30ean, 23 pertsona epaituko dituzte Kukutza gaztetxea hustu eta eraitsi zutenean izandagoko liskarrengatik. Ustezko usurpazio delituagatik 960 euroko isuna eskatzen diete eta haietako bati, hiru urte eta egun bateko kartzela zigorra. 

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak jakitera eman duenez, epaiketa urtarrilaren 28an, 29an eta 30ean izango da eta bertan, "gaztetxea defendatu" zuten 23 lagun epaituko dituzte; baita "Kukutza III gaztetxea eta okupazioa" bera ere.

Guztiek, 960 euroko isunari aurre egin beharko diete eta beste batek, hiru urte eta egun bateko espetxe zigorrari ustez, poliziaren aurka harriak eta beste zenbait gauza botatzeagatik, eraikinean gora zihoazela.

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak gogora ekarri du ere, Kukutzaren desalojo eta eraistearen karietara, beste 20 pertsona epaitzekoak direla. Haien esanetan, "Kukutza defendatzea dute delitu bakarra eta orain arteko epaiketek, gainera, poliziaren bortxakeria eta muntaia agerian utzi dute".

Errekaldeko gaztetxea 2011ko irailaren 21ean hustu zuten. Ertzaintza eta auzotar zein hiritarren arteko liskarrak hiru egunez luzatu ziren auzoko kaleetan, irailaren 23an eraikina eraitsi zuten arte. Cabisa enpresak gaztetxea hustea eskatu zuen, eraikina eraitsi eta etxebizitzak egitearren eta Bilboko Udalak hustu eta eraisteko baimena eman zuen.