Bilbao Basketek modu ezin hobean eman zion hasiera denboraldiko bigarren itzuliari Madrilen Fuenlabrada gainditu ostean.
Lehia maldan behera hasi zen etxeko taldearentzat. Alberto Diaz eta Andy Pankoren gidaritzapean (biak Bilbao Basketen jokalari ohiak) eta Miso eta Rodriguezen laguntzarekin, madrildarrek alde nabarmena hartu zuten markagailuan. Zazpigarren minutuan 20-9 zen markagailua, laurdena amaitzean 28-17. Hugo Lopezen mutilek intentsitate eta saskiratze portzentai altuak erakutsiz, beltzezko gizonak (zuriz igadean) ustekabean harrapatu zituzten.
Bigarren laurdenean txip aldaketa etorri zen Sito Alonsorenen eskutik. Barruko jokoa oinarri hartuz partidua iraultzeko intentsioa zuten kanpotarrek. Marko Todorovicek 12 puntu sartu zituen laurden honetan eta, Latavious Williamsen laguntzarekin, Bilbao Basket atsedenaldirako bi puntura ailegatzea ahalbidetu zuten (42-40).
Kantxara bueltatzerakoan etorri zen kanpotarren erreakzioa. Laurdenaren lehenengo lau minutuetan 2-11ko partziala lortu zuten. Madrildarrek ez zekiten erasoan nola jokatu (defentsa zorrotzaren meritua) eta Mumbru kapitaina eta Fuenlabradako jokalari ohia den Quino Colomen gidaritzapean (11 eta 10 puntu hamar minutu horietan hurrenez hurren) Alonsorenek hamar puntuko abantaila lortu zuten norgehiagokako lehen 30 minutuak amaituta (58-68).
Aldeak handia zirudien arren, Fuenlabradak ez zuen amore eman. Pankok hartu zuen ardura bere gain eta bere taldea bi puntura jartzea lortu zuen. Alonsok Colom eta Lopez batera kantxaratu zituen partidua kontrolpean izateko eta biek hiruko bana sartuta, partidua erabaki zuten. 85-91 azkenean eta denboraldiko 13. garaipena.
Bilbao Basketen Mumbru 22 punturekin, Marko Todorovic (20 puntu eta 11 errebote), Quino Colom (17 puntu eta 10 asistentzia) eta "Ty" Williams (9 puntu eta 11 errebote lortuta) nabarmendu ziren.
29 puntu, 3 errebote eta 3 asistentiza lortuta, Andy Panko amerikarra izan zen bere taldean onena.
Igande honetan eguerdiko 12:00etan, Bilbao Basketek Morabanc Andorra hartuko du Miribillan. Garaipen berri bat lortzeko aukera ederra dirudien arren, gogoratu beharra dago joaneko partiduan azkenengo segundoan Hervellen saskiratze batek eman ziola garaipena talde bilbotarrari estu joan zen lehian.