Euskal Herrian, TTIPi EZ!

Erabiltzailearen aurpegia STEE-EILAS 2015ko urt. 29a, 09:27

Pertsonak, ingurumena eta herrien demokrazia "korporazio transnazionalen onuren eta eskubideen gainetik" daudela aldarrikatu dute 30 erakundek baino gehiagok 'Euskal Herrian, TTIPi EZ!' manifestuarekin bat eginez. Nazioez gaindiko merkataritza eta inbertsio hitzarmenei "ezetz" esan diete atzo La Bolsan eginiko aurkezpenean. Zuzenean eragingo dieten gaiak  "Euskal Herrian erabaki" nahi dituzte.


Nor gara
Hego Euskal Herrian prekarietatea, pobrezia eta iraunaldiko luzeko langabezia handitzen ari dira; sektore publikoa pribatizatzearen alde egin da; lan-baldintzak desregularizatu egin dira; eta gizarte eskubideak, murriztu; eskubide zibilak mugatu egin dira, eta abar. Gizarte zibilaren hainbat erakunde eta hainbat pertsona erabat kezkatuta gaude, badakigulako Europar Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertso Hitzarmenak (Transatlantic Trade and Investment Partnership - TTIP, ingeleseko laburtzapenean, edo Atlantikoz gaindiko Merkataritza Librearen Hitzarmena izenekoa edo TAFTA), Kanadarekiko Akordioak (Comprehensive Economic and Trade Agreement - CETA) eta TISAk (Trade in Services Agreement) eragin negatibo handia izango dutela. Oso interes publiko anitzen alde egiten dugu lan, hala nola, hurrengoen alde: ingurumenaren babesa, frackinga, elkartasun internazionalista, osasun publikoa, nekazaritza, kontsumitzaileen eskubideak, elikagaien eta nekazaritzaren arauen babesa, gizarte eta lan arauak, langileen eskubideak, emakumeen eskubideak –zapalkuntza patriarkalaren aurka-, informaziorako sarbide publikoa, eskubide digitalak eta oinarrizko zerbitzu publikoak, hezkuntza, finantza sistemen kontrol publikoa eta soziala eta animalien ongizatea.

TTIPen gaineko gaur egungo negoziazioei aurre egiteko konpromiso sendoa dugu guztiok, eztabaida politiko gardena eta demokratikoa bermatze aldera. Akordio guztiek interes publikoa eta guztion onura etorkizunekoa izan behar dute xede.

Zer da TTIP?
TTIP irismen handiko akordia da. Akordio hori Europako batzordea (Europar Batasuneko estatu kideen izenean) eta Ameriketako Estatu Batuetako gobernua negoziatzen ari dira eta negoziazio-gaiak ez dira muga-zergak edo merkataritzako beste muga batzuk; oro har, horiek baxuak baitira EBen eta AEBen artean. Aitzitik, korporazioen arauak, erregelamenduak eta inbertsio bermeak ditu helburu. Teoriaz TTIPen helburua da zuzeneko inbertsioa erraztea eta beharrezkoak ez diren burokraziaren oztopoak kentzea, Atlantikoaren bi aldeetako enpresak merkatuetan sar daitezen.

Dauden aztarnek –negoziazioetan nolabait parte hartzen ari diren enpresetatik eta industrietatik etorriak- adierazten dute muga-zergak ez direnen gainean ari direla negoziatzen eta bi alderdietako arauak bat egitea nahi dutela, merkatuen arauak desagerrarazteko, jabego intelektualaren eskubideek monopolioak sustatzeko eta eskubideak eta estandarrak murrizteko. Balizko onura ekonomikoek ez dute inolako oinarririk; eta onenean ere, gizarte osoarentzat marjinalak izango lirateke, hau da, akordioaren defendatzaileek kontatzen dutena egia balitz ere. Areago, akordioaren helburuek, batetik, borroka luze demokratikoetan lortutako eskubide garrantzitsuak; eta bestetik, EBko, AEBetako eta mundu osoko herritarren interes sozialak mehatxatzen dituzte; horrez gain, akordioak handinahikeria geopolitikoa adierazten du garatzeko bidean dauden talde politikoen eta ekonomikoen aurrean, BRICSen eragin gorakorraren aurrean; eta merkataritza eta inbertsioak arautzeko erreferentzia global berria eratzeko asmoa dauka.

Negoziatzen ari dira ateak itxita, benetako herri kontsultarik egin gabe. Nazioetako parlamentuek ez dute negoziazio-batzordearen testuen zehaztasunen berri. Argitaratu diren edo ezkutuan eman diren informazio zatiek kezka sortarazten dute.


Zerk kezkatzen gaitu?
• Gardentasunik eta prozedura demokratikorik eza. Hori dela eta, herritarrek eta gizarte zibilak ezin dituzte negoziazioak jarraitu; ondorioz, ezin dute bermatu interes publikoak babestuta egongo direnik. Gaur egun negoziazio horiek erabat partzialak dira: enpresarien presio taldeek informaziorako sarbide pribilegiatua dute eta presioa egin dezakete negoziazioetan.

• Inbertsioak babestearen gaineko atala, eta bereziki, Estatuaren eta Inbertitzailearen arteko Desadostasunak Ebazteko (ISDS) mekanismoaren gaineko xedapena. ISDSak inbertitzaileei berebiziko eskubidea ematen die estatuak auzitara eramateko, uste badute erabaki demokratiko batek –ordezkarien instituzioek guztion onurarako hartutako erabaki batek- oraingo edo etorkizuneko etekinetan eragin negatiboa izan dezakeela. Mekanismo horiek nazioetako epaitegietatik kanpoko auzietan oinarritzen dira. Horren ondorioz, hondatu egiten dira bai nazioen lege sistemak, bai legeak eta guztion onurarako politikak ezartzeko gizartearen subiranotasun demokratikoa.

• Gobernatzeko demokraziaren kontrako egitura berriak eta prozedurak sortuko dira, “erregulazioak harmonizatze aldera”; egitura horietako bat Erregulazioaren Lankidetza batzordea da. Egitura horiek ahalbideratzen dute hautatu ez diren burokratek eta enpresen lobby handiek TTIPen barruan hartuko diren erabakietan etengabe eta ezkutuan presioa egin ahal izatea. Demokraziaren kontrako egitura hauek arriskuan jartzen dituzte guztion interesak babesteko edo gizarteak etorkizun hobea izateko eman diren xedapenak eta arauak, nahiz eta arau horiek beharrezkoak izan eta herritarrek hori erabaki. Proposatuta dagoen bezala, “jabego intelektualerako eskubideak” babestu nahi horrek ere kezkatu egiten gaitu, gure oinarrizko eskubide batzuei eraso egiten baitie, hala nola, osasunari, hezkuntzari, kulturari eta adierazpen askatasunari.

Eskaera eta helburu partekatuak
Nazioarteko elkartasunean, gizarte justizian, ingurumenaren babesean eta giza eskubide guztien errespetuan oinarrituta, Estatu Batuetako, Europako eta munduko beste herrialde batzuetako aliatuekin batera egiten dugu lan eta hurrengoak eskatzen ditugu:

a) Berehalako gardentasuna: batzordean negoziatzen ari diren testu guztiak, eta negoziatzen ari diren gainerako agiriak argitara emango dira, TTIPen eta CETAren gaineko eztabaida publiko, irekia eta kritikoa ahalbideratzeko.

b) ISDSi EZ: Estatuaren eta Inbertitzailearen arteko Desadostasunak Ebazteko mekanismo horien kontra gaude; eta interes publikoen defentsan eta guztion onurako erabakiak hartzean, gure gizarteen eta herrien burujabetza gogor aldarrikatzen dugu, beti interes pribatuen gainetik.

c) Erregulazioaren Lankidetza batzordeari EZ: demokratikoki kontrolatutako erakundeek eta prozedurek arautu behar dituzte merkataritza eragiketak, eta beraiek ezarri behar dituzte ekoizpenaren estandarrak.

d) Desregularizazioari eta babesaren estandarrak eta guztion intereseko zerbitzuak murrizteari EZ: gizarte eta lan arauen maila, kontsumitzaileen eta osasun publikoaren arauak, ingurumenaren babesa –baita baliabide naturalak birsortzea ere-, animalien ongizatea, elikagaien osasun arauak, ingurumena iraunarazten duten nekazaritza praktikak, informaziorako sarbidea, etiketa argiak, kultura eta kalitatezko medikuntza izateko eskubidea, finantza merkatuetan arauak ezartzea, datuak babestea eta beste eskubide digital batzuk hobetu egin behar dira; ez dira “harmonizatu” behar, are gutxiago, gutxieneko mailetan jarriz. Elkarri estandarrak aitortzea ez da onargarria, demokratikoki adostutako babes mailak jaisten dituelako. Zuhurtasun printzipioa aplikatzen dela bermatu behar da.

e) Desregularizaziorik txarrena, zerbitzu publikoen pribatizatzea. Hurrengo guztiak defendatzen ditugu: guztiok kalitatezko hezkuntza, osasun arreta eta beste zerbitzu publiko batzuk izateko eskubidea -gizarte bizitzaren erreprodukzioa bultzatzen duten tresnak direlako-, tokiko enplegua eta tokiko ekonomia sustatzen dituzten kontratazio publikoak, diskriminazio positiboa, gizarte ekintzailetza, ekonomia iraunkorra eta pertsonen zaintza, betiere guztion interesak babesteko.
Horrela bada, garbi eduki behar da hainbat alorretako zerbitzu publikoak pribatizatzeak berebiziko eragina duela emakumeen bizitza eta lan baldintzen kalitatean.

f) Ingurumena iraunarazten duten nekazaritza praktikak sustatu eta nekazaritza txiki eta familiarra babestu nahi ditugu.

g) Instituzio publikoek botere politikoa eta beharrezko egiturak mantendu behar dituzte, hainbat arlo ahul babesteko eta gure bizitzaren kalitatea ziurtatzen duten arauak bermatzeko. Nazioartean adostu diren lan eta ingurumenaren arauak errespetatu behar dira. Lan arauak etengabe urratzea zigortu behar da.

Azkenik, pertsonak eta planeta bera lehenesten dituzten merkataritza harremanak eta politikak eraikitzea defendatzen dugu; eta betiere herrien arteko harreman eta politika horiek hurrengoak bermatu behar dituzte:

• pertsona guztion giza eskubide unibertsal eta besterezinak, eta besteak beste, hurrengoak: elikadura egokia, ura, osasuna, sexu eta ugalketa eskubideak, osotasun fisikoa eta psikikoa, arropa, etxebizitza, hezkuntza, gizarte babesa, mugikortasuna, kultura, aisialdia eta ingurumen garbia;

• lan duin bat, jendeak bizimodu duina izatea ahalbideratzen duena; horrek berekin dakartza lansari egokia eta lan eskubideak;

• ugalketaren lanak, zainketa-lanak eta pertsonen eta komunitateen alde egiten diren lan informal guztiak aitortzea. Bidezko birbanaketa eta gizartearen eta ekonomiaren berrantolaketa bermatu behar da, emakumeek bakarrik bere gain har ez ditzaten eguneroko ongizatea ziurtatzen duten lanak; eta, era berean, bermatu behar da emakumezkoentzako eta gizonezkoentzako soldatak berdinak izatea;

• karbono gutxi isurtzen duen ekonomia baterantz joan behar dugu, baliabide gehiegi xahutzen ez duena; aitzitik, ekonomia horrek, baliabideak erabiltzerakoan, gizartea eta ekologia aintzat hartu behar ditu, bizimodu duina bermatu behar du, baina beste pertsona eta belaunaldi batzuei, nekazaritzari, landaretzari eta faunari kalterik sortu gabe;

• erabakiak hartzen diren maila guzti-guztietan demokratizazio nabarmena lortzea;

• pobreziaren kontra borrokatu behar da, elkartasun harreman berriak ezarri behar dira, emakumeen eta gizonen arteko harreman zuzenak, bai eta beste lurralde batzuetako biztanleekin ere; halaber, errefuxiatu eta etorkinen eskubideak ere errespetatu behar dira;

• guztion ongizate ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa handitu behar da.

Merkataritza eta Inbertsio Hitzarmen hau kapitalismoaren globalizazioan beste urrats bat da. Enpresa transnazionalek zenbat eta babes eta botere handiagoa izan, orduan eta burujabetasun eta demokrazia txikiagoa izango dute herriek, gizarte eskubideak murritzagoak izango dira eta prekarietatea handiagoa, ingurumenak arrisku gehiago izango ditu eta herrien arteko anaitasunezko elkartasunak oztopo gehiago izango ditu.

Hori guztia dela eta, Euskal Herrian erabaki nahi dugu eta nazioez gaindiko merkataritza eta inbertsio hitzarmenari ezetz esaten diogu.

 

www.ttipez.eus

  

[2015/01/28] 'Euskal Herria TTIP EZ' manifestua aurkeztuko dute gaur La Bolsan