Kaleetako neguko eguraldi hotz eta trsiteari berotasuna eta alaitasuna jarri zioten beltzezko gizonek igande eguerdian Morabanc Andorrari irabazita. Baina markagailuak kontrakoa isladatzen duen arren, ez zen norgehiagoka lasai eta erreza izan etxeko taldearentzat, kanpoko taldeak erakutsitako jokoaren menpe egon baitzen ia partidu osoan zehar.
Guztiz errekuperatuta dirudien Bertansenek, Mumbru eta M. Todorovicekin batera, Sito Alonsoren jokalarien jokoaren pisua euren gain hartu zuten. Erantzuna Navarro eta fitxatu berria den Bogdanovicen eskutik etorri zen. Lehenengo laurdena 24-22 amaitu zen Bilbao Basketen alde.
Bigarren laurdenean Joan Peñarroyarenek partiduaren kontrola hartu zuen. Sada jaun eta jabe zen kantxan eta bera, Bogdanovic eta Gomesen artean puntu nahiko pilatu zituzten. Birritan izan zuten kanpotarrek bederatzi puntuko aldea baina azkenean aldea murriztea lortu zuten beltzezko gizonek aldageletarako bidea hartu baino lehen (43-48). Puntu asko hartu zituen hogei minututan ligako defentsarik onena duen taldeak.
Atsedenalditik bueltan gauzak ez ziren asko aldatu, nahiz eta Alonsorenek markagailuari buelta ematea lortu zuten (51-50) Navarrok hartu zuen berriz bere taldearen erantzunkizuna, laurdena atsedenaldiko diferentziarekin amaitzeko (56-61).
Andorrakoek garaipenean sinesteko arrazoiak zituzten. Baina Bilbao Basketek partidua berdintzea lortu zuten. Eta ondoren partidua erdi erabakita utzi zuen jokaldia heldu zen. Defentsan baloia lapurtu ostean, Colom kontraerasora joan zen. Sadak falta egin zion, baina azkenengo defendatzailea zenez eta arautegiari so eginez, epaileek kirolez kontrako falta adierazi zuten. Ez zen kolpe larria izan, baina erabaki hori hartu zuten. Bartzelonako antlatzaile ohia protestaka hasi zitzaien epaileei eta teknika adierazi zioten. Hortik aurrera Bilbao Basketek ez zuen bere arerioaren kupidarik izan eta azkenengo hamar minutuetan 28-11ko partziala lortuz, norgehiagoka irabaztea lortu zuten Miribillakoek (82-74) eta Badalonako Joventuten porrotari esker, hirugarren postuan amaitu dute 19. jardunaldia Sito Alonsok zuzendutako mutilek.
Mumbru (20 puntu), Bertans (16 puntu) eta Marko Todorovic (12 puntu, 8 errebote) nabarmendu ziren Bilbao Basketen. Aipatezkoa ere Coomek banatutako 7 asistentziak.
Andorrako taldean, Bogdanovic 20 punturekin eta Navarro 13 punturekin izan ziren onenak.
Datorren igandean bigarren astez jarraian jokatuko du Bilbao Basketek Bilbao Arenan, igandean La Bruixa D'or Manresa eguerdiko 12:00etan hartuz. Roger Grimau azkenengo hiru denboraldietan bere etxea izandakora bueltatuko da.
Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arizabalaga