Bilboko Udalak, Gizarte Ekintza Sailaren bitartez, abian jarri du 2015erako Gizarte Larrialdietako Laguntzak (GLL) tramitatzeko prozesua. Laguntza hauek emateko Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpideak jarraitzen ditu Udalak, izan ere, aurten 4,6 milioi euro bideratu ditu Bilbon GLLetan banatzera, hain zuzen, 2014an emandako guztizkoa baino %5,36 gehiago.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintza eta zenbatekoen arabera, Gizarte Ekintza Sailak kalkulatu du 7.000 eskaerak inguru 2015eko GLLak eskuratzeko baldintzak bete litzakete.
GLLek hurrengo helburuak dituzte:
• Alokairua (Etxebizitzaren Prestazio Osagarria jasoko ez dutenentzat), errentamendu bateratua, azpi-errentamendua, pentsioa edo apopilotza.
• Etxebizitza edo ohiko bizitokia erabili eta mantentzeko gastuak (energia, ura, estolderia eta OHZ)
• Bizigarritasunerako (konponketak) eta oinarrizko ekipamendurako gastuak
• Osasun Zerbitzu Publikoak estaltzen ez dituen lehen mailako beharrizanetarako gastuak (optika, odontologia eta antzekoak)
• Aurretiko zorretarako gastuak, muga jakin batzuk dituen arren.
Gizarte Larrialdietako Laguntza gisa jasotako diru-kopuruak hurrengo mugen artean daude: urteko 555 euro etxebizitza mantentze-lanetarako eta urteko 2.500 euro alokairua ordaintzeko, eskatutako laguntza-motaren eta Bizikidetza Unitatearen osaeraren arabera. Pertsona bakar batek kontzeptu desberdinengatik eskatu dezake GLLa, eta izapide bakoitzeko 3.000 euroko muga izango du.
Baldintzak
2015eko Gizarte Larrialdietako Laguntzak eskuratzeko eskubidea izateko, urteko diru-sarrerak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) baino 1,5 bider txikiagoak izan behar dira, hau da, urteko 11.986,20 eta 18.387,90 euro, hurrenez hurren, familia-unitatearen ezaugarriak, hura osatzen duen kideen kopurua eta eskatzailea pentsioduna izatea ala ez kontuan hartuta.
Laguntzen zenbatekoa baloratzeko irizpideen artean, diru-laguntzen bidez finantzatuta produktu hauen erosketari dagokionez, haien benetako oinarrizko balioari buruz profesional elkarteek dituzten informazioak kontuan hartuko dira, esate baterako, betaurrekoak, etxeko tresna elektrikoak, praktika odontologikoak, eta abar.
Aurretiaz izena ematea
Aurreko urteetan bezala, 2014ko GLLak jaso dituzten 65 urte baino gehiagokoei eskainitako arreta lehenetsi da (guztira 1.406 lagun). Bestalde, 2014an GLLak jaso zituzten gainerako 3.423 lagunek aldez aurretik izena eman dute atentzioa jasotzeko hitzordua eskatu aurretik.
2015eko GLLak eskatzeko behar den informazioa Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan eskuratu daiteke. Bertan, informatzeko kartelak ipini dira dagoeneko.
Gizarte Ekintza Sailak 2015eko GLLetarako aldez aurretik izena eman nahi dutenei modu mailakatuan joatea eskatu die, eta gogorarazi duenez, hitzorduak esleitzeko prozesua ausazkoa izango da eta, beraz, lehenengo egunean edo azkenengoan izena emanda egoteak balio bera izango du.
Ildo horretan, aurrez izen-ematea norbere etxetik egin daitekeela gogora ekarri du, bilbao.net udal webgunearen bitartez, edo Barrutiko 14 Udaltegietan eta San Agustineko Udal Eraikinean dauden 'Bilbao Klik' izeneko 20 bulego elektronikoetatik. Epea atzo zabaldu zen, astelehenez, otsailak 2, eta hilaren 16an itxiko da.
2014ko datuak
2014an, guztira, GLLak tramitatzeko 10.750 laguni eman zitzaien hitzordua. Hitzordura joan eta eskaera osatu zutenak guztira 7.462 lagun izan ziren (deitutakoen %69).
Horietatik 1.319 eskabide (%18) atzera bota ziren, baldintzak ez betetzeagatik edo interesdunek atzera egin zutelako.
Gainerako eskabideen kasuan -6.143- eskatutako laguntza eman zen: 5.291 eskaeretan Eusko Jaurlaritzaren fondoen kontura eta gainerakoak (852) Udal Laguntza Berezi (ULB) gisa, Eusko Jaurlaritzaren bidezko partidaren dirua amaitu eta gero. Guztira, 5.077.489 euro banatu dira laguntzatan, diru-laguntza bakoitzeko batez beste 836 euro emanda.
Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen aurrekontua 4.365.877 eurokoa izan zen. Horri gehitu zitzaien diru-laguntza osoa edo horren zati bat agirien bidez justifikatu ezin izan dutenek itzulitako beste 56.297,44 euroko partida. Hala, zenbateko osoa 4.422.174,44 eurokoa izan zen.
2014an emandako GLLetarako aurrekontuaren %64 etxebizitzara bideratu zen, bai hipotekaren edo alokairuaren ordainketari aurre egiteko, edo haren mantentze-lanetarako. Ehunekoa 2013koa baino lau puntu handiagoa izan zen.
Udal Diru-laguntza Berezi gisa emandako gainerako 852 GLLen zenbatekoa, guztira, 655.315 eurokoa izan zen. Gainera, Bilboko Udalak 2014an, aparteko kalteberatasun-arriskuan dauden familiei zuzendutako 359 diru-laguntza berezi tramitatu ditu. Horietatik 219 izaera desberdinetako laguntzak ziren, 281.784 eurorekin; Etxebizitzarako 126 Laguntza Berezi, guztira, 184.997,00 eurorekin; 10 laguntza espezifiko pobrezia energetikoari aurre egiteko, guztira, 6.200 eurorekin; eta elikadurarako 4 laguntza espezifiko, guztira, 2.100 eurorekin.
Guztira, Udalak 1.055.020 euro bideratu ditu Udal Laguntza Berezietara. Dagokion partida horrek 400.000 euroko hasierako zuzkidura eduki zuen. Ekitaldiaren barruan 475.000 euro gehiago bideratu ziren Pobreziaren aurka Borrokatzeko Fondotik eta beste 180.000 euro aurrekontuaren bete sail batzuen transferentzien bidez.