Salatu dutenez, bidaia luzeak egitera "behartuta" daude "beste erremediorik" ez dutelako; "euskal preso politikoen senide eta lagunak kondenatu egiten gaituzte. Dispertsioarekin gure eskubideak sistematikoki urratzen dituzte".
Emandako datuen arabera, 461 euskal preso politiko daude egun gatibu espetxeetan eta horietako lau daude, Euskal Herriko kartzelatan. Presoen %76a 500 eta 1.100 kilometro bitartean daude dispertsatua eta beraz, hamar senidetik zortzik ia, 500 kilometro baino gehiago egin behar dituzte bisitak egiteko eta beste 500 kilometro etxera bueltatzeko. 500 kilometroko bidaia horiek Madril inguruko espetxeetara joaten direnek egiten dituztela azaldu dute baina beste hainbatek 1.000 edota 2.000 kilometrori aurre egin behar dietela ere argitu dute.
Dispertsioak 26 urte bete ditu aurten eta 16 hildako eragin ditu denbora tarte horretan. Etxeratek gogoratu du, Giza Eskubideak "sistematikoki urratzen" dituela dispertsioak, presoenak zein senideenak eta gaur bezalako egunetan, "bereziki gogorra da errepideetara halabeharrez irten behar izatea; gure bizitza arriskuan jartzera behartzen gaituzke. Elurretara, izotzera irtetera behartzen gaituzte". Gaurko egunean, autobus bat –Andaluziara, espainiar estatuan Euskal Herritik urrunen dauden espetxeetaraino- eta Mirentxinen bederatzi furgonetak irtengo dira ehunka kilometroetara dauden espetxeetara joan etorrian.
Errepiderako aholkuak
Etxeratetik hainbat gomendio eman dituzte, besteak beste, errepidera irten aurretik trafikoa.net infocar.dgt.es/etraffic/ eta meteofrance.com webguneak kontsultatzea trafikoaren egoeraren berri zuzenean izateko; errepidean gertatu daitezkeen insidentziak asistentziaesp@etxerat.eus eta asistentziafr@etxerat.eus helbideetara bidaltzea; eta sare sozialetan dispertsioa eta "uneoro pairatzen duten eskubideen urraketa" salatzeko #DispertsioaSTOP eta #BSQsHumanRights traolak erabiltzea.
Jipoia Estremeran
Elkartetik mahaigaineratu dutenez, atzo, Iñaki Imaz Donostiako euskal preso politikoak jipoia jaso zuen Estremerako espetxean. "Arazo psikologiko larriak" dituen preso sozial batek, patiora irteten ari zirela, Imaz jipoitu zuen "bortizki". Estremerako euskal preso politikoak hainbat instantzia egin dituzte azkenaldian, presoa mugitu zezaten baina eskaerak ez zizkietela onartu argudiatu dute. Bestalde, salatu dute, jipoia jasan ostean, Imazek lau ordu pasa behar izan zituela erasotzailearekin patioan beste inor ez zegoelako eta funtzionarioek Imazen egoera ikustean, donostiarra ospitalera eramateko agindua eman zuten. Hainbat puntu eman dizkiote. Erasotzailea zigor zeldara eraman dute eta, beste modulu batera eramango dute.