Metroko 3. linean "atzerapena, gainkostua eta eragozpenak" salatu ditu EH Bilduk

uriola.eus 2015ko ots. 9a, 14:31

Metroko 3. linearen lehen harria jarri zenetik bost urte betetzera doazenean, EH Bilduk azken urteetan pilatu diren “atzerapen, gainkostu eta eragozpenak” salatu ditu. Aitor Torre batzarkideak eta Aitziber Ibaibarriaga Bilboko udal taldeko bozeramaileak agerraldia egin dute San Nikolas geltokiaren parean. Hain zuzen, etorkizuneko 3. linearen lotura izan behar duen geltokian.

Torrek gogorarazi duenez, 3. linea eraikitzeko lanek 185 milioi euroko kostua izango zutela iragarri zen, baina azken aurreikuspenen arabera, "280 milioi euro inguruko kostua" izango dute. "Gainkostu nabarmena, beraz".

Lanetako lehen harria jarri zen 2010eko otsailaren 10ean eta orduko ekitaldian proiektuaren sustatzaile diren erakundeek "hitz eman ziete"n Matiko, Uribarri, Otxarkoaga eta Txurdinagako bizilagunei 2013an metro zerbitzua izango zutela. "Eta segidan iritsiko zela Loiuko aireportuarekiko lotura ere".  Torreren hitzetan, “bost urteko itxaronaldi luzea izan da, bizilagunentzako eragozpen ugarikoa. Orain, linea berriaren inaugurazioa 2016ko abenduan izango dela esaten dute arduradunek. Are gehiago atzeratu daitekeenaren beldur gara".

Aitziber Ibaibarriagak gaineratu duenez, metroaren lanen luzatzeak Otxarkoaga, Matiko, Tiboli, Zurbaran eta Zumalakarregi auzoetako funtzionamendu normalizatua eragozten ari da. “Tibolin esaterako, lanetako hesia haurtzaindegi batetik metro batera dago eta horrela daramatza 4 urte. Zumalakarregin lanek puntu beltz arriskutsua sortu dute eta Panerako zuloak ere bertan jarraitzen du 3 urteren ondoren”.

Ibaibarriagak ohartarazi du, era berean, oraindik argitu gabe dagoela bidai txartela nola kudeatuko den, 3. linea EuskoTrenen esku gelditzen bada. “Inork ez du argitu Otxarkoagako bizilagunek erdigunera jaisteko bi txartel ordaindu beharko dituen edo ez. Gure taldeak, behintzat ez luke halakorik onartuko” aurreratu du. “Beraz, nahiz eta gaur 3. linearen lanen urteurrena izan, ez dago ospatzeko ezer”.

EH Bilduko ordezkariek proiektuaren exekuziorako konpromisoa exijitu dute eta hasierako kostuaren hazkundea (185 milioi eurotik 279 milioi eurora) justifika dadila. Gainera, koalizioaren iritziz, Bizkaiak trenbide sarearen hobekuntzarako inbertsio plana behar du “herrialdearen beharrei egokitua eta udalerriekin adostua”.