"Oso kezkagarriak" dira Bilboko birziklapen tasak EH Bilduren hitzetan. "2011az geroztik aldatu ez den argazki finko baten aurrean gaude eta argazki hau nahiko penagarria da gaikako bilketari dagokionez". Horregatik, "agian", 2011tik Obrak eta Zerbitzuak saileko zinegotziak "ez ditu datu hauek publiko egiten". EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagaren arabera "oso datu txarrak direlako".
Egun, birziklapen tasa %27,43 "lotsagarri batean dago" Bilbon. 2013. urtearekin alderatuta, 2,49 puntu gutxiago, eta inguruko hiri eta herrialde batzuek duten %50eko tasatik "oso urruti". "Zoritxarrez", Bilbo birziklatze tasen "azken postuetan dago, aurrerapenik ez dago eta helbururik ezta ere".
Aitziber Ibaibarriagak Donostiaren adibidea eredugarritzat jotzen du. "Badute helburu argia, 2016. urtean %60ko birziklatze tasara heltzea eta horretarako plangintza oso bat martxan jarri dute. Hemen Udalak aurkeztu zuen Super Mentxu izeneko eroi penagarri horretaz gain ez dute ezer egin eta 2012. urteaz geroztik ez dugu Super Mentxuren berri izan. Hau da, Udal gobernuak ez du planik eta ez dirudi gehiegi inporta zaionik".
5. edukiontzia
2013an 5. edukiontzia Bilbo osora hedatzea aurreikusten zuen mozioa onartu zen Udalbatzarrean. 5. edukiontzia Deustun ezarri zen duela urte batzuk, "arrakasta handirik gabe". EH Bilduren aburuz, "ez baita inoiz EAJren lehentasuna izan". Datuen arabera, 5, edukiontziaren plana abiatu zenetik lau urte pasa dira, eta "zaborren gaineko tasa ordaindu behar dutenen arteko %12,40 baino ez dira proiektura batu, Udalak ez baitio publizitaterik eman".
Bizkaiko Foru Aldundiaren datuei erreparatuta, Deustun 5. edukiontziarekin lortutako emaitzak "kaskarrak" dira. "Ulertezina deritzogu programara batutako familiak gutxinaka handituz doazen heinean (2014an 39 eta 2013an 43) batutako tona kopuruaren maila geldirik egotea, edota 2014an gertatu bezala, jaitsi izatea".
2013ko maiatzeko Udalbatzarrean, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak 5. edukiontzia "2014an" hiri osora hedatzeko konpromisoa adierazi zuen, "aldiz, beste behin ere hutsaren hurrengoa". 2015eko otsaila da, eta gaur gaurkoz "ez dago hedatze planik". EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, martxan jartzea 2016 artera luzatu dute, "agian".
Bizkaian, hondakinen kudeaketa "arazoa ez dela behin eta berriro entzun diogu EAJri". EH Bilduren esanetan hori "gezur borobila" da. Aipatutako datuek eta "orain dela gutxi Arraiz eta Arrastaleku mendietan gertatutakoak kontrakoa adierazten dute". Berria egunkariak argitaratutako bideoan "argi eta garbi ikus dezakegu zer nolako egoeratan dauden Bilboko mendi horiek, eta nahiz eta otsailaren 2an agerraldi bat eskatu gaur da eguna zain gaudela azalpenak jasotzeko".
"Europak markatzen duen ildotik gerturatzeko asmoarekin", EH Bilduk Bilbon birziklapenaren gaia bideratzeko proposamen bat eramango du otsaileko Udalbatzarrera.