26.000.000 pertsona baino gehiagok (26.074.078) Bilbobus garraio-zerbitzua erabili zuten 2014an. Aurreko bi urteekiko, ez da ia aldaketarik egon bidaiarien kopuruan, eta baliteke ekonomia-krisiaren eraginagatik izatea –kontuan izan behar da bidaiarien %42,6k lanera joateko erabiltzen duela garraio hau-. Hain zuzen, 2013. urtearekin alderatuta, bidaiarien kopurua %0,98 igo da.
Linea erabiliei dagokienez, kopuruak 2013. urtekoen nahiko antzekoak dira. 77. linea (2.046.151) eta 56. linea (1.993.809) dira oraindik erabilienak, eta 27. eta 72. lineetan ugaritu zen gehien, erabiltzaileen kopurua: %5,75 eta %5,04, hurrenez hurren.
Hilabetekako balantzeari erreparatuz, urria izan zen bidaiari gehien izan zituen hilabetea (2.453.125). Ostegunetan bildu zen jende gehiena, eta lanegunetan, batez bestean 86.226 lagunek erabili zuten zerbitzua. Puntako ordua Bilbobusen 13:00etatik 14:00etara izan zen.
Erabiltzaileen profila eta txartel motak
Bidaiarien profilari dagokionez, azkeneko datuen arabera, Bilbobus garraio-zerbitzuaren erabiltzaile nagusia emakumea da (kasuen %70), 31 eta 64 urte artekoa (%50) eta besteren kontura lan egiten duena (guztizkoaren %47k profil hori du).
Txartel motari dagokionez, Creditransa da oraindik txartelik erabilien; %61,6k hautatzen du. Bilboko errepide bidezko garraiobideetako preziorik merkeena du (0,64 euro), eta erreferentziazko hirietako batez bestekoa baino merkeagoa izaten jarraitzen du. Gizatrans eta Bilbotrans garraio-txartelak izan ziren bigarren aukera erabilienak (bidaiarien %30). Noizbehinkako txartela, berriz, bidaiarien %4,63k soilik erosi zuen.
Lineak, geralekuak eta azpiegiturak
28 ohiko lineak, 7 auzolineak eta 8 Gautxori zerbitzuk osatzen dute udal garraio-zerbitzua. 2014. urtean 6.312.810 km egin zituzten, 14,7 km/h-ko batez besteko abiaduran. Bilbobusek 147 autobuseko flota du, eta zerbitzuak 513 geraleku ditu Bilbo osoan zehar banatuta; hau da, biztanleriaren %99,7k 300 metro baino gutxiagora geraleku bat du.
Informazioa eta teknologia berriak
Bilbobusek 128 informazio-terminal ditu geralekuetan, eta erabiltzaileen %80k erabiltzen ditu.
Era berean, udal garraio-zerbitzuak Udalaren web-orrian (www.bilbao.net/bilbobus) ibilbidearen informazioa ematen du denbora errealean, eta autobusari zenbat denboraz itxaron behar zaion ere jakinarazten du. Web-orri horren bidez horrelako 1.269.813 kontsulta egin ziren 2014. urtean. Horrez gainera, iaz Bilbobuseko erabiltzaileak 245.327 aldiz sartu ziren web-orri horretan, beste kontsulta batzuk egiteko (planoak, tarifak...).
Teknologia berrien atalean, Gautxorik bere web-orria, www.gautxori.biz, eta sare sozialak (Facebook, Twitter, Tuenti edo Four Square) aukeratu zituen zenbait kanpainatarako eta zozketatarako, gazteenen artean Gautxori garraiobidearen erabilera sustatze aldera. Gautxori Facebook sare sozialeko orri aktiboa duen Europako gaueko garraio-zerbitzu bakarra da: 2014. urtean, 1.200 zale gehiago eskuratu zituen.
Gogobetetze-indizea: oso balorazio ona
Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio Sailak egindako inkestaren arabera, Bilbobusen bezeroen gogobetetze-indizea finkatu egin da, eta oso puntuazio ona du: 7,31 puntu hamarretik.
Aurreko urteetan bezala, Gautxori lineek lortu dute puntuaziorik altuena (7,39), eta zerbitzuaren irisgarritasuna eta eskaintza izan dira balorazio onena jaso duten alderdiak (7,66 eta 7,59 hurrenez hurren). Horrez gainera, gogobetetze-indizea 7tik gorakoa izan zen auzo guztietan. Beraz, asebetetze-indizea, oro har, hobetu egin dela esan daiteke.
Erabiltzaileek zerbitzuaren bilakaera hautemateko moduari dagokionez, inkestatutako pertsonen %93k bilakaera positiboa izan zuela adierazi zuen; eta %26k, aldiz, 2014. urtean zerbitzua nahikotxo edo asko hobetu zela adierazi dute. Inkestaren arabera, linea hauetan hauteman da hobekuntza-indizerik handiena: 13, 11, 76, A3 eta A6.