Bilbok badu buruko gaitz larrien ondorioz gertatu daitezkeen egoera arriskutsuen prebentziorako protokoloa

uriola.eus 2015ko ots. 11a, 12:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta Bilboko Udalak buruko gaitz larrien ondorioz gerta daitezkeen egoera arriskutsuen prebentziorako protokoloa sinatu dute, gaitzak diagnostikatu gabe edota jarraipen asistentzial gabe daudenean aplikatzeko.

Hitzarmenaren helburua da koordinaziorako eta lankidetzarako Osakidetzako sare asistentzialaren eta udaleko gizarte zerbitzuen artean lehendik dauden jardunbide egokiak finkatzea eta zabaltzea. Agiria gaur sinatu dute Ibon Areso alkateak eta Jon Darpon osasun sailburuak.

Helburua lortzeko, buruko gaitz larriak antzematen direnean elkarren arteko komunikazio-prozedura gauzatuko da, zuzeneko inplikazioa izango dutenen arteko lan-taldea sortuz. Bilbo-Basurtu E.S.I.ko Psikiatria Zerbitzua eta lehen laguntzako zentroak, Bilboko eskualdeko helduen osasun mentaleko zentroak eta Udaleko Gizarte Ekintza Sailak osatuko dute taldea.

Oro har, Bilboko Udaleko gizarte zerbitzuak dira oinarrizko mailan daudenak. Arrisku sozio-sanitarioa txikia edo ertaina bada, nahikoa izan daiteke esku hartzeko plan bat ezartzea edota laguntzako beste erakunderen batera bideratzea. Baina arriskua handia denean -ingurukoen laguntzarik ez duelako, arazorik duela onartzen ez duelako edo laguntza jasotzerik nahi ez duelako-, eta bere segurtasuna eta ingurukoena kolokan jartzen denean, Ministerio Fiskalari jakinarazi dakioke, eta honek borondatez kontra zentro batera sartzeko agindua eman dezake.

Bestalde, koordinazioan nahikoa denbora ez dagoela iritziz gero, larrialdietarako 112 zenbakira deituko da pertsona hori Basurtuko Larrialdietako Zerbitzura eramatea eta ospitaleratzea komeni ote den baloratu dezaten. Kasu guztietan, protokoloan parte hartzen duten profesionalek Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuko Auzitegiko Klinikaren aholkularitza izango dute.

Esku-hartze horiek era guztietako pertsonei aplikatu ahal izango zaizkie, bakarrik bizi direnei zein beste norbaitekin; egoera ahulean daudenei eta norberarentzako edo ingurukoentzako arriskutsuak izan daitezkeenei; edota laguntza sozio-sanitarioa jasotzeko predispozio handia eta ez hain handia dutenei.