Udaltzaingoak Bilboko bideetan oinezkoak ez harrapatzeko lehen kanpaina abiatuko du

uriola.eus 2015ko ots. 13a, 08:30

Euskal Autonomia Erkidegoaren Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren barruan dagoen ekimen hau datorren astelehenean hasi, otsailak 16 eta igandera bitartean, hilak 22, iraungo du. Arauak betetzen ez dituzten horiek bigilatzeko kanpainak auto-gidariek, txirrindulariek eta oinezkoek zirkulazio arauak bete ditzaten du helburu, beti ere istripu eta harrapaketak saiheste aldera.

Datorren astelehenean, otsailak 16 hasi eta hilaren 22ra (domeka) bitartean, Bilboko Udaltzaingoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren jarraibideekin bat etorrita, uriko bideetan harrapaketak kontrolatzeko urte berriko lehen kanpaina egingo du.

Auto-gidariek, txirrindulariek eta oinezkoek duten erantzukizunari buruz eta, batez ere, guztien jokabide ausartegiek eragin ditzakeen arriskuez ohartaraztea izango da kanpaina honen helburu nagusia.

Udaltzainek, bataz beste, lau kontrol egingo dituzte egunero, bi goizez eta beste bi arratsaldez, euren kokapen edo diseinuagatik, bide segurtasunaren ikuspegitik arriskutsuak izan daitezkeen oinezkoen pasabideetan. Beste lau kontrol  bizikletak ibiltzen diren ohiko lekuetan egingo dituzte.

Arau-hausteak zaintzeko eta gidariek, txirrindulariek eta oinezkoek zirkulazio-araudia betetzen duten begiratzeko egingo da kanpaina, betiere istripuen arriskua eta oinezkoak harrapatzeko arriskua murrizteko. Bilboko udaltzainen kanpainaren helburua ez da isunak jartzea izango, jendea ohartaraztea eta arriskuez jabetzea baizik.

Ildo honetan, 2014an harrapaketak kontrolatzeko martxan jarritako bi kanpainetan, 57 kontrol egin ziren eta hiru salaketa bakarrik jarri ziren, nahiz eta 285 oinezko euren jarrera dela eta ohartarazi.

Bide segurtasunerako aholkuak

Galtzada zeharkatzean oinezkoaren jokaera egokia eta auto gidariaren maniobra ona eta ardura zorrotza ezinbestekoak dira oinezkoak ez harrapatzeko. Biak ala biak – oinezkoa eta gidaria- eragile aktiboak dira errepideko segurtasuna bermatzeko orduan eta beraientzako dira aholku hauek:

Gidarientzako aholkuak:

- Kontu handiz ibiltzea garajeen sarrera eta irteeretan.

- Ibilgailua oinezkoen pasabideetatik gertu ez aparkatzea.

- Arreta handiagoa izatea iluntzean zeharbideetan eta argi gutxi dagoen zonetan.

- Arreta handia izatea haurrak asko ibili ohi diren lekuetan; hala nola, ikastetxeen edo haur-parkeen inguruetan.

Oinezkoentzako aholkuak:

- Beren-beregi prestatutako lekuetatik pasatzea eta ziur egotea gidariek badakitela pasatuko garela.

- Seinalerik gabeko leku batetik pasatu gura badugu, galtzadaren bi aldeetara begiratzea eta bidegurutzeen inguruan zeharkatzea, hots, gidariek arreta handiagoa izaten duten lekuetan.

- Galtzadara bat-batean ez ateratzea.