Azken aldian beltzezko gizonek askenengo laurdenean bikain jokatuz markagailauri buelta ematea lortu dute garaipena eskuratzeko. Baina suarekin jolasteak bezala, horrek arriskua dakar. Taldeak badaki partiduei buelta emateko kapaz dela eta horrek konfiantza gehiegi izatera eta intentsitatea murriztera eramaten du. Fuenlabrada, Andorra eta Manresaren aurka gauzak konpondu zituzten beltzezko gizonek. Larunbatean San Pablo pabilioian erre egin ziren.
Lehenengo laurdena parekatua izan zen. Nahiz eta Sito Alonsorenek lehiaren menpe egon, hiruko jaurtiketetan izandako hutsek etxeko taldeari markagailuan hurbiltzeko aukera eman zion. Lehenengo hamar minutuak 17na bukatu ziren.
Hurrengo hamar minutuak erabakigarriak izan ziren norgehiagokan. Luis Casimiro andaluziarren entrenatzaile denetik, CB Sevillak badaki zelan jokatu (ez dauka zerikusirik Miribillan agertu zen ideiarik gabeko taldearekin) eta bigarren laurdenean erakutsi zuten hori. Erasoan zein defentsan bikain ibili ziren etxeko mutilak eta kanpotarren defentsako ahuleziak aprobetxatuz, 30 puntu eskuratu zituzten. Atsedenaldira 47-37 zen markagailua.
Aurreko hiru norgehiagoketan bezala, partiduaren bila joateko esfortzu extra egin behar zuten beltzezko gizonek. Etxekoek ordea 14 puntuko errenta lortu zuten. Hor hasi zen Alonsoren mutilen erreakzioa eta Mumbru, Williams eta Marko Todorovicen eskutik, aldea puntu batera murriztu zen (60-59). Baina larunbatean ez zen kanpotarren eguna eta ez zen markagailuan iraulketarik egon. Azken laurdena 63-59ko markagailuarekin hasi zen.
Sevillak 12-2ko partzial batekin beltzezko gizonen erreakzio aukerak zapuztu zituen. Errenta kudeatu zuten Casimirok zuzendutako mutilek euren hirugarren garaipena segidan lortzeko eta horrenbestez jaitsiera postuetatik ateratzeko.
Bilbao Basketentzat berririk pozgarriena Axel Hervellen itzulera izan zen. Nahiz eta atzamar baten hausturaren ostean Kopan parte-hartzea zail zuen, Kanaria Handian ostegunean jokatzako prest dagoela erakutsi zuen.
Alex Mumbru (16 puntu), Marko Todorovic (11 puntu eta 8 errebote) eta Tay Williams (10 puntu, 5 errebote) nabarmendu ziren beltzezko gizonen artean.
Radicevic, Penney (15na puntu) eta Hernangomez (13 puntu) izan ziren onenak talde andaluziarrean.
Liga albo batera utzi eta Kopan aritzeko momentua heldu da. Kanaria Handian Bilbao Basketek Unicaja Malagaren aurka neurtu beharko ditu indarrak ostegunean gaueko 21:30etatik aurrera. (ETB1en ikusgai).