Kopako ametsak ez du luzaro iraun. Kanaria Handira lan txukuna egiteko asmoz heldu ziren beltzezko gizonak, eta euren hitza bete duten arren (hasieratik bukaeraraino lehiatu dira gaur gauean Unicaja Malagaren kontra) ezin izan dute ordain saririk lortu.
Norgehiagoka parekatua hasi da. Bi taldeetan urduritasuna zen nagusi, erantzunkizuna handia baita Kopan. Hasieratik ikusi den hiruko festa da horren lekuko, bai andaluziarrek bai bilbotarrek erasoak bizkor amaitu nahi izan dituzte (bien artean 20 saiakera egin dituzte 6'75eko marratik) eta joko nahasi horretan, Unicaja izan da nagusi lehenengo laurdenean 21-17 amaitu baita.
Bigarren laurdenean Bilbao Basketek defentsa sendotu du zonakako sistemak erabiliz (ikusgarria Tay Williamsek Golubovici jarritako txapela) eta kontraerasoak egiteko aukera anitzak izan ditu. Jokoa eraginkorragoa izan da, eta atsedenaldira iristeko bi minuturen faltan 33na jarri du Colomek markagailua. Joan Plazaren taldeak 8-4ko patziala lortu du eta horrenbestez 41-37 izan da markagailua aldageletako bidea hartzeko momentuan.
Partiduko bigarren zatiaren hasieran egon da gakoetako bat. Hirukoez aparte, hirugarren laurdenaren lehenengo minutuan talde andaluziarrak 8 puntu sartu ditu: Toolsonen hiruko bat, Greenen hiru jaurtiketa libre eta Markovicen biko bat. Beltzezko gizonak kontzentrazio faltarekin kantxaratu dira. 60 segundu horietan egindako akatsek (eta aurkariak asmatu izana, noski) partidua maldan gora jarri diote Sito Alonsoren mutilei. Baina denboraldi osoan erakutsi duten moduan, 12 puntuz behetik joateak ez ditu beltzezko gizonak kokildu. Lanean jarraitu beharra zegoen, eta horretan ekin eta ekin ibili dira. Marko Todorovic eta Mumbruren gidaritzapean, Bilbao Basket bost puntura hurbildu da. Hirugarren laurdenaren amaieran zortzikoa izan da aldea (66-58).
Unicajak aldea ondo kudeatu du azkenengo laurdenean. Nahiz eta Bilbao Basket behetik gora zetorren eta azken boladan bezala markagailua iraultzeko kapaz zela zirudien, ez da hori gertatu. Berriz ere bost puntura hurbildu dira bilbotarrak norgehiagoka amaitzeko lau minuturen faltan, baina denbora andaluziarren eskuetan egon da. Biko jaurtiketa batek lehnengo eta hiruko batek gero (nola ez) zapuztu ditu Bilbao Basketen ilusioak. Azkenean, 86-78 eta beltzezko gizonen bosgarren parte-hartzea Kopan bukatu da.
17na puntu eta hiruna asistentzia lortuta, Colom eta Bertans izan dira onenak Bilbao Basketen. Andorrako antolatzaileak 7 errebote ere eskuratu ditu. Mumbru eta Marko Todorovicen lana ere aipatzekoa izan da. Kapitainak 13 puntu, 7 errebote lortu eta 2 assitentzia eman ditu, eta 11 zenbakiak bestalde, 12 puntu eta 5 errebote lortu ditu.
Andaluziarren artean, Granger nabarmendu da 18 punturekin, Kuzminskas (15 puntu, 7 errebote) eta Toolsonekin batera (10 puntu).
2015ko Kopa historia da jada, eta datorren igandean (martxoak 1) bueltan da liga euskal derbi batekin. Miribillan, arratsaldeko 18:00etan, Bilbao Basketek Laboral Kutxa Baskonia hartuko du.