Hassanna Aaliari babesa eman dio Bilboko Udalak

uriola.eus 2015ko ots. 20a, 12:09

aaasahara.blogspot.com

Udalak, aho batez, kausa sahararreko kide eta giza eskubideen aldeko ekintzaile den Hassanna Aaliari babesa eta elkartasuna helarazi dio. Era berean, bihar Donostiatik abiatuko den Sahararekiko elkartasunaren  XI. Euskal Karabana dela eta,  larrialdietara laguntza moduan 35.000 euro emango dituela iragarri du.

Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek sinatutako adierazpen instituzionalaren bidez, aho batez babesa eta elkartasuna helarazi diote kausa sahararreko kide eta giza eskubideen aldeko ekintzaile den Hassanna Aaliari.

Gauzak horrela, haien atxikimendua eman diote Eusko Legebiltzarreko 'Bakea eta askatasuna Mendebaldeko Saharan' taldearte parlamentarioak onartutako adierazpenari.

Udaletik "kezka" agertu dute Marokoko gobernuak Mendebaldeko Saharan giza eskubideak "bortxatzen" dituelako eta ondorioz, egoera horri amaiera eman eta preso sahararrak aske uztea exijitu dute.

Beraz, EspainiakoBarne Ministerioari Hassanna Aaliaren asilo politikoaren eskaera berraztertzeko eskatu diote eta 12/2009 legean ezarritakoaren arabera, haren nazioarteko babes eskaera onar dezala, bere herrialdera bueltatuz gero "gogor zigortuko baitute Marokoko agintari okupatzaileek; soilik politikoki pertsona aktiboa delako, nazioartean aitortua, Saharako herriaren autodeterminazio-eskubidearen alde bide baketsutik borrokatzen duena".