Kafe Antzokian komunikabideentzako aurkezpenean parte hartu dute Bilboko Harrobia Ikastolako kideek -2015eko Ibilaldiko antolatzaileek- Zea Mays musika taldeko lagunekin batera.
'Harro Ibili' abestia gaurtik maiatzaren 31ra arte Bilboko txoko guztietan ozen entzun dadila desio dute Harrobia Ikastolako arduradunek.
Bai musika bai letra Zea Mays taldearenak dira. Urdulizko Tio Pete estudioan grabatu dute Asier Basabek, Ruben Gonzalezek, Iñaki Imaz 'Pitik' eta Aiora Renteriak.
Arratsaldean kontzertu akustikoa
Egun handirako hiru hileren faltan, gaur arratsaldean, 19:30ean, Harrobia Ikastolan bertan aurkeztuko dituzte bai abestia bai bideoklipa ikasle, irakasle, guraso eta lagunen aurrean.
Doako kontzertu akustikoa izango da eta bertan Zea Mays taldeko Pitik eta Aiorak ez ezik beste musikari lagun batzuk ere parte hartuko dute, besteak beste, Audience taldeko Hannotek, Rafa Ruedak, Karipen KDK taldeko Yarey Jimenezek edota Doctor Deseoko Francisek.
Ibilaldia 2015
Ibilaldiaren 37. edizio honen antolatzailea Harrobia Ikastola izango da. Ikastola honek, hiru urte daramatza Bilbon Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz eskaintzen eta ematen. Harrobia Ikastolaren geletan Bizkaiko eskualde eta herri ezberdinetako ikasleak egon dira; 16 eta 65 urte bitarteko ikasleak, hain zuzen ere.
'Harro ibili' leloaren bitartez, Euskal herriko lanbide Heziketaz harro daudela eta gizartean ematen diren aldaketetara egokitzeko, ibiliz egin beharko dutela adierazi nahi izan dute.
[2015/01/23] Harro ibiltzeko bertso-bazkaria
[2014/11/14] Ibilaldia 2015 aurkeztuko dute igandean
[2014/07/01] Bilbon ospatuko da 2015eko Ibilaldia Harrobia zentroak antolatuta