Munduko Bankuaren ordezkaritza bat Bilbora iritsi da gaur, enpresa berriak sortu eta inbertsioak erakartzeko hiriak dituen potentzialtasunak ezagutzeko. Doing Business en España dokumentua prestatzeko Munduko Bankua egiten ari den lanaren parte da bisita hori; txosten horretan, enpresa berriak eratu eta garapen ekonomikoa estimulatzeko estatuko hemeretzi hirik eskaintzen dituzten baldintza eta abantailak jasoko dira. Erronka handia da Bilbo hiriaren kasuan, lehen aldiz bere indarguneak “saltzeko” aukera baitauka, nazioarteko proiekzioa eta negozioen esparruan sinesgarritasun frogatua duen finantza erakunde horren bermearekin.
Munduko Bankuaren ordezkaritza lansaio batean izan da Bizkaiko hiriburuko udaleko eta Eusko Jaurlaritzako zenbait arduradunekin; Marta Capaul izan da ordezkaritza horren burua, Doing Business en España programaren gerentea. Bilboko Udaleko Ekonomia eta Ogasun Saileko zinegotzi Marta Ajuriak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Aurrekontu sailburuorde Pedro Maria Hernandok bileran parte hartu dute; hala, nazioarteko finantza erakundeari hiria egiten ari den apustuari buruzko informazio xehatua helarazi diote, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta erkidegoko gobernuarekin lankidetzan garatzen ari dena, enpresa berriak sortu eta inbertsioak erakartzeko erreferente bihurtzeko.
Erreferente prestigiotsua
Doing Business dokumentua mundu mailako erreferente bat da, prestigio handia dauka eta bost kontinenteetako enpresek zein administrazioek erabiltzen dute negozioen esparruko interesguneak identifikatzeko. Bilbo txosten horretan agertzea erabakigarria da nazioarte mailan posizionatzeko eta gehiago ikusarazteko, hain zuzen ere enpresa ekimen berriekin eta hazten ari diren etorkizun handiko sektore baliodunekin konpromisoa duen hiri gisa, baita hazteko potentzial handia duten egitasmoekin ere. Bilbok, Bizkaiak eta Euskadik industria tradizio luzea eta ekintzaile espiritu errotua daukate, eta horrek inbertsiorako jomuga seguru, fidagarri eta sinesgarri bihurtzen gaitu. Horrez gain, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioa ere funtsezko faktorea da garapen ekonomikorako.
Hiriaren, lurraldearen eta erkidegoaren nortasun marka bereizgarri bat Ekonomia Ituna da, eta hortik eratorritako autonomia fiskala; erakundeek jardun ekonomikoa eta enpresa jarduna bultzatzera bideratu dute. Tresna horri esker pizgarriak eskaintzen dira enpresa berriak sortzeko eta inbertsioak erakartzeko, eta horrek, bidenabar, enplegua eta dinamismoa sortzea ahalbidetzen du. Informazio hori guztia eta datu eta adierazle zehatzen zerrenda osatu bat dagoeneko helarazi zaio Munduko Bankuari, eta horrek datorren abenduan argitaratuko du txostena, urte bete eta erdiko lanaren ondoren. Bertan parte hartu duten hiriek hainbat galdera-sorta erantzun behar izan dituzte, finantza erakundearen eskakizunak betez.
Hiriaren lau adierazle
Munduko Bankuko adituek lau adierazle aztertzen dituzte enpresa bat sortzeko edota inbertsioak erakartzeko hiriek eskaintzen dituzten erraztasunak baloratzeko. Adierazle horiek irekiera prozesua, jabetzaren erregistroa, eraikuntza baimena eta elektrizitate lortzea ebaluatzen dituzte. Azken finean, Bilbon enpresa bat irekitzeko beharrezko izapideak, gutxieneko kapitala, kostua eta denbora jakitean datza. Horrez gain, enpresa batek jabetzan duen higiezin bat beste enpresa bati transferitzeko prezioa, kudeaketa-lanak eta azkartasuna ere aztertzen dira. Eraikuntza baimenari dagokionez, biltegi berri bat eraikitzeko eta ur sarera eta estolderiara lotzeko beharrezko denbora, aurrekontua eta izapidetze lanak baloratzen dira. Azkenik, hornidura elektronikoa lortzeko beharrezko epeak eta prezioak ere neurtzen dira.
Sektore publikoa eta pribatua
Munduko Bankuak iaz aurkeztu zuen Doing Business en España proiektua Bilboko Udalean, galdera-sorta ugariz osatutako katalogo zorrotza entregatu baitzion, sektore publiko zein pribaturako, enpresa berriak instalatzeko espazio urbano apropos gisa hiriaren indarguneak sakon ezagutzeko. Proiektu honetan inplikatutako erakunde publikoekin batera (Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritza), elkargo profesionalek, elektrizitate hornidurako eta zerbitzuetako enpresa ugarik ere parte-hartze aktiboa izan dute. Eragile horien ekarpen nabarmenenak dagoeneko helarazi zaizkie finantza erakundeko arduradunei, haiek lana epe barruan bukatzeko aukera izan dezaten.