Pentsiodunen bizimodu nagi batera ohituta geunden, baina azken urteotan gauzak zeharo aldatu dira. Eta horren aurrean Hego Euskal Herriko pentsiodunak mugitzen hasiak gara eta gaur, entzun nahi duenarentzat, bi gauza ozen esan asmoz gatoz hona.
Gaur asteazkena, hilak 25, Gipuzkoan, Nafarroan, Araban eta Bizkaian azken dozenerdi urtetan jo eta ke dabiltzan pentsiodunen lau Plataformak Bilboko Unamuno Institutoko Areto Nagusian bilduko gara gure arteko lehen asanblada nagusia egin asmoz. Han ozen adierazi nahi dugu azken urteotako krisiak nola astindu gaituen, egoerari buelta eman nahi badiogu zer egin behar dugun eta Hego Euskal Herriko pentsiodunen eskubideak babesteko ze bide jarraitu behar dugun.
Esagun ez garela denbora pasa hasi jarduera honetan. 2008tik hona hankaz gora jarri dituzte ia 40 urteko lan-jardunean zahartzaro duin bat izateko beharrezkoa genuena ziurtatzeko egin ditugun erkarpen ekonomikoak. Pentsioen eros ahalmena goitik behera dator, urtero batez beste hileko euro bat altxatzen dituzte gure pentsioak; lehen doan genuen botika orain %10 ordaindu behar dugu eta ia 500 botika oso-osorik. Eta hori, botika gehien erabiliko dugun adinean. Gero eta gehiagok azken urteak bakardadean pasatu beharko du, adinak eta ezinak jartzen dituen mugak ezin gaindituz, eta bien bitartean Mendekotasun Legean iragartzen zen laguntzaile zerbitzua bertan behera geratu da.
Pentsiodunak asko gara, ia 600.000 Hego Euskal Herrian. Baina harrigarria bada ere, eta lehen aipatu ditugun laguntza, pentsio eta murrizketa larriak ondorio latzen iturri direla jakin arren, pentsiodunak isil-isilik geratu gara. Arratsaldero jubilatu zentroetan biltzen den jendeak ez al du inolako haurnarketarik egin behar guztionen aurrean? Norbaitek uste al du krisi ekonomikoa laster amaituko dela eta orduan berriro ere pentsio duin baten jabe izango garela? Esnatu gaitezen. Une honetan bakoitzak bere buruaz nahiko lan duela esango digute- eta ez da gezurra- eta pentsiodunen arazoa eta ezinak guk geuk konpondu beharko ditugu. Asko gara eta gure ekina antolatzen badugu, eta ahalegintxo bat egiten badugu, guretzat izango da fruitua, guretzat eta etorkizuneko pentsiodunentzat: gure seme-alabak, gure bilobak...
Gaur, eguerdiko 12etan, Bilboko Plaza Biribilean bilduko gara asanblada amaitu ondoren eta gure aldarrikapenak jendeari adieraziz joango gara Moyua Plazaraino. Inguruan bazabiltza, ez geratu begira, sartu pentsiodunen erdian eta esan zuk ere Pentsiodunok duintasunez bizi nahi dugula, horretarako ordaindu dugula horrenbeste urtetan. Zurea defenditu besterik ez duzu egingo. Han ikusikio dugu elkar.