Gizarte laguntzetan ematen diren murrizketak salatu dituzte hainbat eragilek

uriola.eus 2015ko ots. 23a, 17:22

Bizkaiko eragile sozialek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Bertan, instituzioek gizarte laguntzetan ezarritako "etengabeko murrizketak" salatu dituzte; gogora ekarriz, krisia hasi zenetik pobreziak %42ko gorakada izan duela.

Protestan, otailaren 23a dela eta, Guardia Zibilez jantzitako hainbat lagun Eusko Jaurlaritzara sartzen ahalegindu dira artazi erraldoi batekin eta "Denak lurrera, hau eskubide sozialen arkako Estatu Kolpe bat da!" ohiu artean.

Elkarretaratzean salatu dute instituzioek ezarritako etengabeko murrizketen ondorioz euskal herritarren %45,3k, ia milioi bat lagunek, arazoak dituztela hilabete amaierara heltzeko. Era berean, 360.000 pertsonak pobrezia kasurenbat bizi dutela gehitu dute. Datu hauek EAPNk landutako azken txostenean jaso dira.

Honekin batera, gaitzetsi nahi izan dute gastu militarrera bideratutako dirua urtetik urtera igotzen dela; 2015ean 23.374 milioiko gastua jasoko delarik.