Euren eskubideak errespetatzearen aldeko aldarria kalera atera dute pentsiodunek

uriola.eus 2015ko ots. 25a, 14:56

Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako pentsiodunen plataformek asanblada egin dute Unamuno Institutuko Areto Nagusian. Bertan, aztergai izan dute Euskal Herriko pentsiodunen eskubideak babestu ahal izateko zein den jarraitu beharreko bidea. Ondoren, 12:00etan, manifestazioa abiatu dute Plaza Biribiletik Eliptikara "Pentsio duinak, kopagorik ez!" lelopean.

Guztira 250 pentsiodun inguruk parte hartu dute gaurko asanbladan. Armando Anunziartek eta Mikel Argiñarenak, Pentsionistak Martxaneko kideek, manifestazioa hasi aurretik azaldu dutenez, bertan, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako erakundeek koordinaziorako agiri bat aurkeztu dute eta bertaratutakoek ideia berriak bota dituzte gerora, testu horretan bilduko direnak.

Manifestazioa ere jendetsua izan da eta Argiñarenak zein Anunziartek balorazio positiboa egin dute. Martxa osoan zehar mezu argia zabaldu dute: "1.000 eurotik gorako soldatak jaso behar dituztela pentsiodun guztiek, kopagoarekin bukatzeko beharra dagoela; eta nagusien laguntasuna indartu behar dela".

Bukatzeko, egungo egoerari buelta emateko, pentsiodunen parte hartzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute.

 

[2015/02/25] Pentsiodunak kalera aterako dira euren eskubideak babesteko asmoz