Europako Batzordeak abian jarri duen Citizens' Dialogue (Herritarrekin Solasaldiak, itzulpen librean) ekimenaren barruan etorri da Katainen Euskal Herrira. Izan ere, ekimenari hasiera emateko aukeratu duten hiria Bilbo da.
Enpleguaz, ekonomia suspertzeaz eta inbertsioez hitz egitera eta, batez ere –EBk iragarritakoaren arabera–, gai horiei buruz herritarrek esateko dutena entzutera etorri da Katainen.
Herritar horietako zenbaitzuek, behintzat, jauregiaren kanpoaldetik adierazi diote Kataineni gai horiez, eta oro har Europako Batzordearen politikaz, zer iritzi duten.
“Juncker Planaren oinarri garrantzitsuena sektore pribatua izaki, bertan jasotako neurriak onartu eta aplikatzeak enpleguaren galera, haren prekarizazioa, herri-sektoreen pobretzea eta sektore publikoaren pribatizazio prozesu handiagoak areagotu besterik ez du egingo”, adierazi du Euskal Herrian TTIPari Ez! kanpainak, prentsa ohar baten bidez.
Deitzaileen esanetan, bai Juncker Planak bai TTIPek herritarren eta herrien eskubideak murriztea ekarriko dute, eta babesa ahulduko dute osasun eta ingurumen arloetan, besteak beste. Haien ustez, Jyrki Katainen Bilbora bidali duena ez da Europako Batzordea, Troika baizik.
[2015/02/24] Troikaren eta TTIParen kontrako elkarretaratzea deitu dute ostegunean Bilbon