Iazko otsailaren 27ko Osoko Bilkuran EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bildu eta PPren kontrakoekin, alkateen irudiak udaletxean mantentzea erabaki zuten, betiere, testuinguru historiko egokian kokatzen baziren.
Koadro horiek beste areto batera eramateko asmoa azaldu zuen orduan Udalak eta ondorioz, udaletxeko korridorea hustu zuten joan den apirilean. Areto berri hori, 'Alkateen Aretoa' deiturikoa gaur inauguratuko du Areso alkateak. Bertan, koadroak "euren testuinguruan" kokatuta aurkeztuko dira. Koadroetako batzuk, egoera txarrean zeudenak, zaharberrituta erakutsiko dira.
EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagak azaldu duenez "alkate frankistak demokratikoekin batera lekualdatzea Memoria Historikoaren Legea urratuko duen sasi aterabidea" da. Hala ere, "pozik" agertu zen iazko otsailean, "30 urteren ostean inoiz ez zegokien ohorezko leku batetik kendu dituztelako alkate frankistak".
Udalbatza frankistek emandako sari guztiak atzera botako dituzte
1937tik 1979ra arte udal-gobernu frankistek emandako domina, titulu edota sari baino gehiago atzera botatzea adostu zuen atzo Bilboko Udalbatzak. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk proposamenari babesa eman zioten. PPk, ostera, aurkako botoa eman zuen. Sariak baliogabe utzi eta gero, merezi duten pertsonei dominak edo tituluak berriz emateko aukera aztertuko du adituen batzorde batek.
EH Bilduk zehaztu duenez, 1937ko ekainetik 1979ko apirilera arte urrezko 57 domina, zilarrezko 29, brontzezko 427, hiriko seme-alaba kutun hiru izendapen, bost adopzio-titulu eta ohorezko alkate bat izendatu edo banatu zituzten udal-gobernu frankistek. 2001eko udalbatza batean 20 sari soilik atzera bota zituzten.
Era berean, atzoko Udalbatzan, EAJko udal gobernuak Bilboko kale-izendegia aztertzeko konpromisoa hartu zuen. Bertan egon daitezkeen Frankismorekin lotura izan zuten pertsonen izena daramaten kaleen txostena esku artean duela erabakiko Udalak izen aldaketak egitea. EAJren iritziz kale bati izena kendu baino lehen, berriz izendatzeko deitura bat prest izatea beharrezkoa da, bestela kalea izen barik geratuko litzateke.
[2014/04/08] Frankismo garaiko koadroak udaletxeko korridoretik kendu dituzte aldi baterako
[2014/02/27] Bilboko alkate frankisten koadroak ikusgai mantenduko dituzte
[2014/02/27] Alkateen koadroak lekuz aldatu eta euren testuinguruan kokatuta erakutsiko dira
[2014/02/26] Bilboko alkate frankisten koadroak Udalean geratuko dira