Joseba Agirreazkuenaga eta Mikel Urkijo Historia Garaikidean katedradunak arduratu dira, hain zuzen ere, 20 alkateak nor bere testuinguruan kokatzeaz. "Oso zaila izan" da testu txiki batzutan garai historiko "luzeak" laburbiltzea Iñaki Agirreazkuenagaren esanetan. Testua "ez zitzaigulako sartzen borrokan ibili gara", dio umoretsu. I. Errepublika, II. Errepublika, epe monarkikoak, diktadura eta 1979tik aurrerakoa dira bost garaiak. "Ziklo edota garai nagusiei erreparatu diegu", azaltzen du Agirreazkuenagak. Testuinguruaz gain, Udaleko kudeaketaren gaineko zehaztasun batzuk ere erantsi dituzte. Baina bost "lerrotan zaila da", aitortzen du historialariak; gehien bat "sinopsi ariketa izan da".
'Alkateen aretoa' deituriko galeriako edukiek "pista ematen dute", baina Agirreazkuenagaren esanetan "gida edota azalpena beharrezkoa da", hau da, "informazio osagarria", eta hori Bilbaopedian aurki daiteke. Aretoan bertan dagoen ordenagailu batean kontsulta dezake bisitariak Bilbaopedia.
Atal polemikoena bai Udaleko alderdien artean bai komunikabideetan Frankismo garaiak sortu du. Ez da horrela izan bi historialarientzat. "Frankismoarena beste garai bat da. Definitu behar da zer den diktadura bat, zeren aurretik beste diktadura bat egon zen, baina Primo de Riveraren diktadura eta Francoren diktadura desberdinak dira".
Agirreazkuenagarentzat "lazgarriena" lehenengo alkate frankista Areilza jaunak, udalean sartu zenean, egin zuen "garbiketa" da. Berriki aurkeztu den doktorego tesi baten ondorioz "informazio oso zehatza dago". Tesiak Areilzaren garbiketa, "banan-banan" egindakoa "argitu du", eta aretoan erantsi den datuetako bat da hori. Hortaz, "testu hauetan gauza berriak ere badaude, ikerketak egin direlako".
"Eztabaida guzti honetan", garrantzitsua "hauteskunde demokratikoak" noiz izan diren adieraztea da Agirreazkuenagaren aburuz: "Bigarren Errepublikako Ercoreca izan zen erabat demokratikoa, lehenago ere Arana edota hemen ez dagoen Laiseca 1917an, hor hasi ziren zinegotziak alkateak aukeratzen. Lehenago izendapenak beste modu batera egiten ziren. Eta gero 1979tik aurrera".
Gaur inauguratu den aretoa "didaktika historikoa" egiteko baliagarria da unibertsitateko katedradunaren ustez. "Bilboko historiatik abiatuta ikusmira orokor bat ere har daiteke, azken 150 urteetako historia zer izan den erakusten du".
Ernesto Ercorecaren memoriak originalak
Bada bestelako ekarpenik ere. Ernesto Ercoreca alkatearen memoria originalak ekarri ditu Mikel Barojak -Ercorecaren birbilobak- 'Alkateen Aretoan' ikusgai izateko. Mikelen hitzetan "oso bizitza interesgarria" izan zuen bere birraititeak, "irakurtzeko modukoa", eta memoriak gordetzeko "lekurik onena" da gaur zabaldu den espazioa. Ercoreca "ez da edozein alkate, lehen alkate demokratikoa izan zen", eta horregatik areto berrian alkateei aldamenean ezarri zaien testuingurua beharrezkotzat jotzen du Mikelek. "Lehen alkate denak berdinak ziren, eta ez, denak ez ziren berdinak izan".
Ibon Areso: "Historiari testuingurua ematea, hori izan zen gure konpromisoa, oraintxe bete duguna"
Areto berria zabaltzea "Udalaren kopromisoa" zela adierazi du Areso alkateak. Alkate ez demokratikoen koadroen erretiratzea eskatu zenean sortu zen "polemikari" udal gobernuak emandako erantzuna. "Bilboko historia Biboko historia delako, hobea edo okerragoa, eta guri egokien iruditu zaiguna da areto bat zabaltzea historia horri testuingurua emanez, hori izan zen gure konpromisoa, oraintxe bete duguna", esan du Areso alkateak gaurko ekitaldian.
Arkitektoak eta unibertsitateko irakasleak zoriondu ditu alkateak aretoa "duin" uzteko eginiko lanagatik eta, bide batez, "gure burua ere zorionduko dugu egiteke zegoen hori burutu baitugu". Pozik jaso ditu Aresok Ernesto Ercorecaren memoriak, eta pozik azaldu da Iñaki Azkunaren koadroaren aurrean ere. "Margolan hauek udaletxeko pasilloetan zeuden, baina hemen bada berrikuntza bat, Javier Riaño artistaren obra, gure Iñaki Azkuna maitea bikain erretratatu du".
EH Bildu: "Alkate frankistak demokratikoekin batera jartzeak atzo Memoria Historikoaren inguruan emandako aurrerapausoekin talka egiten du"
EH Bilduren bozeramalea den Aitziber Ibaibarriaga pozik azaldu da Memoria Historikoaren inguruan EAJk eta PSOEk izandako jarrera aldaketarekin. Ibaibarriagak positibotzat jo ditu atzo lortutako akordio zabala eta izandako aurrerapausoak. "Atzo egun historikoa izan zen, herritar gehiengo zabalarentzat iraingarria izan den frankismoa goraipatzen zuten sinboloen amaieraren hasiera, hain zuzen ere. Aspaldi kendu behar ziren sinbolo frankista horiek azkenean desagertuko dira memoria historikoa lantzen duten elkarteek eta EH Bilduk egindako etengabeko lanari esker".
Hori esanda, bozeramale soberanistak adierazi du atzo adostutako aurrerapausoek "talka" egiten dutela "alkate frankistak demokratikoekin batera jartzearekin". Ibaibarriagak gogoratu du margolan guztiak beste udal gela batera lekualdatzea "EAJ eta PSOEren artean kontsentsurik gabe hartutako erabakia" izan zela.
"Iaz alkate demokratikoak kendu izana ez genuela ulertzen, adierazi genuen. Orduko Udalbatzarrean esan genuen eta gaur berresten gara: onartezina da alkate frankistekin batera gela berdinean egotea. Ezin ahaztu frankismoa milaka pertsonen hilketa eta desagerpena sustatu zuen eregimen antidemokratiko bat izan zela eta erregimen horren ordezkariak izan ziren alkate horiek", adierazi du Ibaibarriagak.
EH Bilduren ustetan margolan guztiak batera jartzea Memoria Historikoaren legea urratzen jarraituko duen "sasi aterabidea" da. "Eta hau Azkunaren burugogorkeriaren ondorioz izan da eta EAJk eta PSOEk nahiago izan dutelako aurreko alkaatea babestea Memoria Historikoaren legea betetzea baino", gogoratu du Ibaibarriagak.
[2015/02/27] Bilbo alkateen margolanak biltzen dituen 'Alkateen Aretoa' irekiko dute gaur
[2014/04/08] Frankismo garaiko koadroak udaletxeko korridoretik kendu dituzte aldi baterako
[2014/02/27] Bilboko alkate frankisten koadroak ikusgai mantenduko dituzte
[2014/02/27] Alkateen koadroak lekuz aldatu eta euren testuinguruan kokatuta erakutsiko dira
[2014/02/26] Bilboko alkate frankisten koadroak Udalean geratuko dira