'Aldaketa soziala orain' lelopean, banaka, lerroan, euripean, manifestatu dira hainbat lagun gaur goizean Bilboko Kale Nagusian. Karta Soziala bultzatzen duten sindikatu eta eragile sozialetako kideak izan dira. Hamabi egun barru, martxoaren 14an, hain zuzen, bai Bilbon bai Iruñean egitekoak diren manifestazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute. "Kaleak betetzeko" deia, alegia.
Bizitzaren "iraunkortasun orekatua" erdigunean izango duen gizarte ereduaren defentsa egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sortzaileek eta era berean gai ekonomikoa nahiz sozial eta lan arlokoetan "erabakitzeko erabateko ahalmena" aldarrikatu dute. Helburu horiek lortze aldera mobilizazioa "ezinbestekoa" dela sinetsita daude. "Mobilizazioarekin bakarrik lortuko dugu", diote.
Administrazioak ezartzen ari diren "gizartearen aurkako politikak" biztanleriaren "pobretze orokorra dakarte", Gutun Sozialeko kideen arabera. Aberastasunaren banaketa geroz eta "bidegabeagoa da" eta langabezia, prekarietatea, pobrezia eta deberdintasun ekonomiko eta sozialak "areagotzen ari dira".
Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako gobernua eta EAEko hiru foru aldundiak "ez dira ari politika publikoen orientazioa errotik aldatzeko beharrezko neurriak hartzen".
Horregatik martxoaren 14an honakoa exijituko dute Gutun Sozialeko partaideek: "Aurrekontu, fiskalitate eta politika sozialen aldaketa, kalitatezko enplegua sortzeko politika, jendartearen parte-hartzearen bermea, bizitzaren jasangarritasuna eta ongizatea edota demokrazia eta eskubide kulturalen defentsa eta konpromisoa".
Aldarrikapen guzti hauek Bilbon eta Iruñean kaleratuko dituzte martxoaren 14an. "Konpromisoa" erakusteko hitzordua izango da.
[2014/01/30] Gutun Soziala: "Elkartasunetik, errotik aldatu nahi dugu egoera"
[2014/12/16] Eskubide sozialen 'karta' zabalduko dute Uribarrin eta Otxarkoagan
[2014/11/19] Karta sozialaren balioa indartzeko mobilizazio nazionala deitu dute