Palestinako 'apartheid'-aren aurrean Israeli boikot egiteko deia zabalduko dute

uriola.eus 2015ko mar. 4a, 08:30

Palestinak pairatzen duen "apartheid-a" gaitzesteko nazioarteko astearen baitan, gaur, asteazkena, hilak 4, elkarretaratzea deitu du Bizkaiko BSD sareak, Plaza Biribilean, 18:30ean.

'Stop apartheid, Palestina askatu, Isralei boikot' lelopean mobilizatuko dira gaur, martxoak 4.

Estatu sionistaren aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren mugimendua (BDZ) 2005. urtean sortu zen, palestinar gizarte zibilak –jite ezberdineko 173 talde (sindikatu, errefuxiatuen eskubideen aldeko erakunde, kultur elkarte, etab-en) bidez- aldarrikaturik.

BDZ mugimenduak sudafrikar apartheid erregimenaren aurka garaturiko nazioarteko boikot esperientzia biltzen du, zeinak hein handi batean erregimen segregazionista haren eraispenean lagundu baitzuen.

BDZ mugimenduak presio ekimen hau garatzeko asmoa du, harik eta estatu sionistak:

- Arabiar lurren okupazioa eta kolonizazioa bertan behera utzi eta harresia eraisten duen arte
- Israelen bizi diren hiritar arabiar palestinarren oinarrizko eskubideak aitortzen dituen arte
- Nazio Batuen Erakundearen 194. ebazpenak adierazi bezala, palestinar errefuxiatuek beren etxe eta jabetzetara itzultzeko eskubidea aitortu, babestu eta bultzatzen duen arte.

Laburki, Israelgo Estatuak nazioarteko legedia bete eta palestinar herriari dagozkion eskubideak aitortzen dituen arte.

yallah-eh.org