Argentinako kereilara batu den azken kasuetako bat da Francisco Javier Nuñezena. 1977ko maiatzaren 15ean, alabaren aurrean jipoitu zuten, eta, handik bi egunera gertatutakoa salatu zuenean, bahitu eta torturak egin zizkioten, hiltzerainokoak. Eusko Jaurlaritzak aitortza eskaini die senideei; ordea, alabak mehatxuak jaso zituen kasua ikertzen saiatu zenean, 2000. urtean.
Gertakari haiengatik pertsona bakar bat ere ez dutela zigortu gogorarazi du Juan Mari Zulaika Argentinako kereilako auzi jartzaileak. Zenbait ez ziren auzietara ere heldu; beste batzuk ez zituzten aintzat hartu, eta, azkenak, bertan behe a geratu ziren 1977ko Espainiako Amnistia Legearen ondorioz. Ordea, Zulaikak berretsi egin du Martin Villak gertakari horietan izandako erantzukizuna.
Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak osaturiko '1960-2010 artean euskal kasuan bizitzeko eskubidearen aurka izandako urraketen udal erretratua' izeneko dokumentuan, Bilboko 95 kasuen artean aurkitzen da Francisco Javier Nuñezena.
Dokumentu horren arabera, 1977ko maiatzean amnistiaren aldeko manifestazio batean, Bilboko etxeko atarian eta alabaren aurrean, Poliziak eman zizkion kolpeak direla-eta Guardia epaitegian salaketa jarri ondoren, indarrez errizino-olioa eta koñaka edatera behartu zuten. Horrek urdaila suntsitu zion.
Bilboko Polizia Buruzagitza Nagusiko idazkari nagusiak ukatu egin zituen biktimak salatutako gertakari guztiak. Haatik, Bilboko ospitaleko Fariñas doktoreak, 1977/06/02ko El País egunkarian azaltzen duenez biktima gaixorik zegoela eta hil ondoren artatu zuenak, argitara eman zuen ospitalera eraman zutenean kolpeen aztarnak zituela bizkarrean eta ipurmasailetan. Hil eta handik gutxira, polizia bat joan zen haren etxera alargunari dirua eskaintzera. Hark, ordea, uko egin zion.
2000. urtean, Ines Nuñez, biktimaren alaba, Bizkaiko Gobernu Zibilera bertaratu zen 1999an onartutako Terrorismoaren biktimen legearen barruan kontuan har zezaten eskatzeko. Egun horretan bertan, arratsaldez, ezezagun batek, telefonoz, heriotza mehatxuak egin zizkien berari eta amari.