Bertsio ofizial "ilunak" argitzea Egiari Zor fundazioaren erronka

uriola.eus 2015ko mar. 2a, 20:00

Argazkia: @goikodeustu

"Atera dezagun egia… itzaletik argira". Jomuga horrekin, Egiari Zor fundazioa "gaur egun oraindik itzalean jarraitzen duten hainbat kasuren inguruan argia jartzen" saiatuko da. Denen artean "bertsio ofizialen kutxa beltzak" zabaltzeko.

‘Egiari: Itzaletik Argira’ proiektuari helduko dio fundazioak hurrengo hileetan. Senitarteko askoren heriotz "iluna" argitzea helburu du proiektuak. "Zer gertatu zen eta heriotzak zelan gertatu ziren" jakin nahi du Egiari Zor fundazioko kideek. Horretarako, fundazioko lantaldeak "banan–banan" aztertuko ditu bertsio ofizialak, besteak beste, epai-ibilbide "eskasa" izan dutenak edota "gertakariz jositakoak". Kasu batzutan, adituen esku artean zeuden frogak "desagertzerainokoak". Horrelakoek oztopatu dute "benetan gertatutako egiaren ezagutza", fundazioko Ane Muguruza eta Ainara Esteranen arabera.

Muguruza eta Estebaranek egia ezagutzeko eskubidea aldarrikatu dute, "informazio eskubidea eta ikerketa eraginkorra egiteko eskubideari lotuta". Adiskidetzerako eta elkarbizitza demokratikorako bidean, egia "beharrezko elementua" dela uste dute eta, era berean, "memoria berreraikitzeko funtsezkoa". Zentzu horretan, Egiari Zor fundazioak argitzeke asko dagoela nabarmen du, eta Eusko Jaurlaritzari giza eskubideen urraketak ikertzen jarrai dezala eskatu dio.

‘Egiari: Itzaletik Argira’ proiektuko lehen hitzordua ostegun honetak, hilak 5, Portugaleteko Santa Klara kultur gunean izango da Victor Perez Elexpe eta Iñaki Ojedaren kasuak, ahal den neurrian, "argitzeko".