Elkarretaratzea egongo da gaur igandeko eraso sexista salatzeko

uriola.eus 2015ko mar. 5a, 15:46

Gaur, martxoak 5, osteguna, Arriagako plazan elkarretaratzea egingo dute 19:00etan, joan den asteburuan Bilbon gertatutako eraso sexista gaitzesteko. Erasoa igande goizaldean izan zen. 20 urteko emakume bat Rekalde zumarkaleko bere etxeko atarian sartzen ari zela, bultza egin eta erasotu zuten.

Bilbon bizi den ikasle iparamerikarra da otsailaren 29ko goizaldean erasoa jasan zuen emakumea. Atzetik erasotu zuten etxeko atarian sartzen ari zela. Basurtuko ospitalean mediku eta forenseen azterketaren arabera bortxatu egin zuten. Ertzaintzari emaniko deskribapenaren arabera, 25 eta 35 urte bitarteko altuera ertaineko eta azal zuriko gizona izan zen bortxatu zuena, txaketa ilun eta praka bakeroak jantzita zituena. Ertzaintzak ikerketa abiarazi du erasotzailea identifikatu eta atxilotzeko.

Bilboko Udalak sexu erasoa gaitzetsi du. Oihane Agirregoitia Berdintasun zinegotziak Europa Press agentziari eginiko adierazpenetan nabarmendu du gertakariak gizarte moduan "pobretzen gaituela" eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunean "bide luzea dugula egiteko" adierazten duela. "Errespetu osoa" eskatu du Agirregoitiak erasotua izan den pertsonarentzat, hain zuzen ere, bere "intimitate eskubidea" errespetatzeko.

 

"Benetan konpromisoa hartzeko" exijitu dio EH Bilduk Udalari

EH Bilduk Udalari eskatu dio berdintasunaren aldeko bere diskurtsoarekin "koherentea izateko" eta "benetan konpromisoa hartzeko" bortizkeria matxistaren kontrako borrokan. Emakumeek indarkeria matxista pairatzen jarraitzen dutela salatu ondoren, Ana Etxarte zinegotzia "erabat kezkatuta" agertu da horri aurre egiteko Udala erakusten ari den "iniziatiba eza" dela eta.

Etxartek azpimarratu du Bilbon indarkeria sexista gutxitu beharrean "handituz doala". Datuak argiak dira: 2014an izandako askatasun sexualen kontrako delituek %5,4 gora egin dute Bilbon. "Eta hori datu ofiziala baino ez da, errealitatea askoz larriagoa da guztiok baitakigu salatzen diren erasoak benetan gertatzen direnen parte bat baino ez direla".

Emakumeen jabetzea sustatuko duten "berdintasun politika eraldatzaileak" martxan jartzeko eskatu dio, "beste behin", Etxartek Udalari. "Gai honekiko Udalak eman ohi dituen erantzun sinple eta partzialak ez dira baliogarriak indarkeria sexistari aurre egiteko, emakumeen jabetzean oinarrituriko bestelako erantzun integralak jarri behar dira martxan", azpimarratu du Etxartek.

Horrezaz gain, beharrezkotzat jotzen du Etxartek portaera sexisten aurkako prebentzioa "gazteekin lantzea" eta "eguneroko eraso sexista txikien kontrako jarrera tinkoa erakustea".

Azkenik, "intentzio oneko adierazpenetatik baino haratago joateko" eta, erakunde feministekin batera, "indarkeria sexistari aurre egiteko kanpaina abian jartzeko", jabetzetik abiatuta, proposatu dio EH Bildu koalizioak Bilboko Udalari.

 

Eraso baten aurrean deitu 016 zenbakira. 365 egunetan 24 ordutan funtzionatzen du, doakoa da, eta ez du fakturan arrastorik uzten.

 

[2015/03/03] Emakume bat sexualki erasotu dute bere etxeko atarian

[2015/03/04] EH Bilduk Udalari eskatu dio berdintasunaren aldeko bere diskurtsoarekin koherentea izateko eta benetan konpromisoa hartzeko bortizkeria matxistaren kontrako borrokan