"Euskal Herria da euskal herritarren eskubideak bermatzeko subjektu burujabea eta Euskal Herriko instituzioek honen arabera jardun behar dute". Hari horretatik tiraka, 16 puntuko 'Programa soziala' eratu dute sindikatu eta gizarte eragileek "gaurdanik eremu instituzionaletik abian jarri beharreko neurri zehatzekin". Eta instituzioek "herri borondate hori" errespetatu beharko dute. "Eta bermatu beharko dituzte Kartak jasotzen dituen oinarrizko eskubide ekonomiko eta sozialak, Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun pertsona guztiek bizi baldintza duinak eta aukera berdintasuna izan ditzagun".
Bilerak eskatu dituzte gutuneko partaideek Urkullu Lehendakariarekin; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputatu Nagusiekin, eta Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordean. "Zoritxarrez", instituzio gehienek, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, "uko egin" diete elkartzeari. "Honek argi uzten du zein den euren jarrera Kartak bere egin dituen gizarte-aldarrikapenekiko, ez dituzte politikaren lehentasunak aldatu nahi, egungo ereduan eroso bizi direlako. Ezin izan dizkiegu gure aldarrikapen eta eskariak zuzenean helarazi, baina goiz edo beranduago entzun beharko gaituzte".
Kartak eginiko eskariari erantzunez, Nafarroako Parlamentuaren Ekonomia eta Ogasun-Batzordean egon ziren hainbat ordezkari, Kartaren ardatzak eta Programa Sozialaren aldarriak partekatzen. "Konpromisorik ez, ordea".
Gipuzkoako Foru Diputatuak, Martin Garitanok, Politika Sozialeko arduradun den Ander Rodriguezekin hartu zituen Kartako kideak. Azken hauek konpromisoa hartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardurari buruzko memoria bat aurkezteko, non "eskubide sozialak bermatzeko egindako lana Programa Sozialean jasotakoarekin alderatuko duten". Era berean, Politika Sozialen eremuan dituzten erronkak eta aurrera begirako asmoak "Kartarekin partekatzeko" konpromisoa hartu zuten.
"Ikusi dugun moduan", instituzioen jarrera "hotza" izan da. Hala ere, gizarte-eragileek harrera "beroa" egin diete Eskubide Sozialen Kartan jasotako aldarrikapenei eta martxoaren 14ko manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute. Horren erakusgarri dira Euskal Herriko Pentsionisten plataformak, otsailaren 25ean Bilbon egindako asanbladan Kartarekiko atxikimendua erakutsi zutenak; martxoaren 3an Gasteizen egindako omenaldi eta manifestazioan "parte hartze aktiboa eta ahots propioa izan genituen"; Emakumeen Mundu Martxaren asanblada feministak bere atxikimendua adierazi du; 'Natura eskubideen jabe' manifestua adostu duten sindikatu eta ingurumen-eragileak, edota Bizkaiko langabetuen asanbladak… Ez dute aipatu gabe utzi nahi izan ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek atera duten "orri bateratua" lan-munduari begira manifestazioetan parte hartzeko dei eginez.
Era berean, aurrera jarraitzen dute Kartaren aurkezpenek herriz herri (Plentzia, Eibar, Gasteiz…). Beste herri batzutan hitzaldiak eta lan-bilerak egin dira. Manifestazioek sortu duten interesaren lekuko dira txoko ezberdinetatik antolatu diren autobusak.
Koloretsua eta alaia
Manifestazioaren ezaugarritzeari dagokionez, "koloretsua eta alaia" izatea nahi dute Kartako kideek. "Koloretako pankartak eramango ditugu, eredu sozial berriaren ardatzak irudikatuz, eta ardatz bakoitzean inplikaturik dauden protagonistek eramango dituzte pankartak". Gorria langile mugimendua; lila mugimendu feminista; laranja gazte eta ikasle mugimendua; horia: bazterketa sozialaren kontra, etxebizitzaren alde, banka eta transnazionalen diktadurari aurre egin; berdea lurraren defentsarako plataforma eta kolektiboak; urdina hizkuntza, hezkuntza eta kultura eskubideak; urdin argia pentsiodunak, osasuna, aniztasun funtzionala eta kolore-anitza aniztasun sexuala, LGTB eskubideak.
Martxoaren 14ko, datorren larunbateko, manifestazioak, 'Aldaketa soziala orain, ¡tenemos alternativas!' lemapean, bai Bilbo eta bai Iruñea "aldarrikapenez bete nahi ditugu kaleak, egitasmo bateratu baten alde. Aldarrikapen ezberdinak eramateko deia egiten diegu bertan parte hartu nahi dutenei; batzen gaituenean jarri nahi dugu indarra, eta ez sigletan. Aldaketa sozialaren beharra eta alternatibak baditugula azpimarratu nahi dugu".
"Eskubide Sozialen Karta, herritarron alternatiba, kalera ateratzera goaz. Mobilizazioa gure helburuak lortzeko ezinbestekoa dela esaten genuen eta hori praktikara eramatera goaz". Martxoaren 14an, Bilbo eta Iruñeara joateko deia egin nahi diote "aldaketa sozialaren alde dagoen orori". Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotzean hasiko da 17:00etan eta Iruñekoa Antoniutti parkean 17:30ean.
[2015/01/30] Gutun Soziala: "Elkartasunetik, errotik aldatu nahi dugu egoera"
[2014/12/16] Eskubide sozialen 'karta' zabalduko dute Uribarrin eta Otxarkoagan
[2014/11/19] Karta sozialaren balioa indartzeko mobilizazio nazionala deitu dute