EAJk gehiengo osoa galduko luke Bilbon eta Ahal Dugu bigarren indar izango litzateke Soziometroaren arabera

uriola.eus 2015ko mar. 11a, 09:25

Iturria: Prospekzio Soziologikoen Kabinetea

Eusko Jaurlaritzak otsailean egindako Soziometroaren arabera, udal hauteskundeak gaur egingo balira, EAJ alderdiak gehiengo osoa galduko luke Bilboko Udalean, baina indar nagusi izaten jarrituko luke, eta Podemos-Ahal Dugu bigarren indar izango litzateke bost zinegotzi eskuratuz.

Egun dauzkan 15 zinegotzietatik hiru gutxiago lortuko lituzke EAJ alderdiak Bilbon, udal hausteskundeak gaur egingo balira, Soziometroaren arabera. Iñaki Azkunak 2011n erdietsi zuen gehiengo osoa (botoen %44) errepikatzea lortuko ez badu ere, Juan Maria Aburto EAJren hautagaiak garaipen erosoa (botoen %36) eskuratuko du Bilbon, eta 12 zinegotzi.

Ezustea Ahal Dugu alderdiak emango luke, bigarren indarra izatera pasako litzateke, botoen %16 eskuratuz, eta bost zinegotzi.

Ibon Areso alkateak Soziometroak Ahal Dugu alderdiari ematen dion bigarren postu hori "erlatibizatu beharrekoa" dela adierazi du. Aresoren esanetan, udal hauteskundeetan "aurpegiak" dira garrantzitsuen, eta oraindik orain Ahal Duguk ez du bere hautagaien aurpegirik aurkeztu.

EH Bildu koalizioak hirugarren postua lortuko luke, botoen %14rekin, eta egun dituen lau zinegotziei eutsiko lioke.

Alderdi Popularrak bi zinegotzi galduko lituzke udal hauteskundeetan, sei izan ordez lau eskuratuko lituzke, eta botoen %13,5.

PSE-EE alderdiak orain arteko lau zinegotziak matenduko lituzke eta botoen %11,5 eskuratu.

Botoen %3 lortuko ditu Ezker Batuak, eta botoen %1, berriz, UPyDk.

 

Boto aurreikuspena (Landa lana: 2015/02/09-14)

Informazio bilketa 2015eko otsailaren 9tik 14ra bitartean egin zen -biak barne- galdesorta egituratu eta itxia erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAEko) lurralde bakoitzerako eta hiriburu bakoitzerako lagin adierazgarri bati etxean egindako banakako elkarrizketen bidez.

Lagina, 18 urte edo gehiagoko biztanleriari zuzendua, honela banatu zen Biltzar Nagusietarako boto-aurreikuspenetarako: 518 pertsona Araban, 1.036 Bizkaian eta 588 Gipuzkoan, beraz, 2.142 pertsona elkarrizketatu ziren guztira. Hiriburuetako Udal Hauteskundeetarako aurreikuspenetarako lagina 406 inkestakoa da hiriburu bakoitzerako (Gasteiz, Bilbo eta Donostia).

Ikerketaren diseinua, emaitzen azterketa eta txostena burutzearen ardura Prospekzio Soziologikoen Kabineteari dagozkio soilik. Bestalde, informazio bilketa Ikertalde enpresak egin zuen.

Lagin errorearen estimazioa, erabat ausazkoak diren laginketei egozgarria, +%4,4eko da Arabarako, +%3,1koa Bizkairako, +%4,1ekoa Gipuzkoarako eta +%5ekoa hiri-buru bakoitzerako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik.

Lagina herrialde mailan bakarrik da adierazgarria, ez Batzar Nagusietako hauteskunde-barruti mailan, beraz ez dira hauteskunde horietarako eserlekuak kalkulatu. Aldiz zinegotzi kopurua kalkulatu egin da, hiriburuetarako datuak badirelako adierazgarriak.

Inkesten %35,6 telefono bidez kontrolatu dira eta %59,9 etxean bertan.