Iñaki Azkuna hil zela laster urtea beteko denean -martxoaren 20an, hain zuzen ere-, bere abizena hiri erdialdeko kultura zentroarekin lotu dute omenaldi gisa.
Alondegia izan da, Areso alkatearen hitzetan, Azkunaren kudeaketako obra "kutun eta garrantzitsuenetakoa". Azkuna izan da Alondegiaren "arkitekto emozionala", 30 urte "ahazturan" eman ostean. Horregatik, kale edota plaza bati Azkunaren izena ipini ordez erabaki du Udalbatzarrak lehenik eta Alondegiko Administrazio Kontseiluak gero, Alondegiari 'Azkuna Zentroa' izendapena ematea. Horrela, "bai hirian bai gizakien eraldaketan Kulturak daukan indarraren aldeko Azkunaren erronka gogoratzen dugu".
Alondegiko atrioan burutu den ekitaldian Areso alkatearen ondoan zinegotzi ugari izan dira. EAJ, PP eta PSE-EE alderdietakoak. EH Bilduko ziengotziek ez dute ekitaldian parte hartu. Iñaki Azkunaren seme Alex Azkuna ere bertan izan da.
Izen berriak irudi berria dakar. Izena aldaketaren albistea zabaldu dute eguerdi aldera. Izen berria eraikinean, webgunean, aldizkarian eta zentroaren komunikazio osagarri guztietan agertuko da.
'A' hizki handi bat eta 'z' hizki txiki bat ikus daitezke logotipoan. Hizki zuriak hondo beltzean. Aurreko logotipoaren antza du berriak.
Interneteko web gunea orain arteko bera darabil behin behinean Alondegiak. Twitter sare sozialean izena aldatu du @azkunazentroa ez ordea Facebooken.
Asteazkenean, hilak 18, Alondegian hastekoa den Hiri eta Tokiko Gobernuen Sareko (CGLU) lehenengo 'Kultur Gailurra'-k estreinatuko du gaur ezagutzera eman den erakinaren izen berria.