Zazpi egunetan Mozal Legeaz eta Iraitz Salegiren kasuaz jendartean zabaltzeko "pauso handi bat" eman dute Euskal Herriko komunikazio esparruko lagunek. Gainera, maila pertsonalean jasotako atxikimenduak izaki, kazetaritzaren alorrean dabiltzan pertsonek eman duten erantzun kolektiboa "indartsua" izan da.
Aste honetan gauza gehiago ere gertatu dira... "eta ez oso onak".
- Asteartean AFP agentziako Angela Rios Vicente argazkilaria atxilotu zuen Guardia Zibilak Melillako hesian lanean ari zela.
- Asteazkenean eman zen ezagutzera maiatzaren 28 eta 29an izango dela Iraitz Salegi kazetariaren eta beste zortzi auzipetuen aurkako epaiketa.
- Joan den ostegunean, hilak 13, Espainiako senatuan Mozal Legea onartu zuten. Honenbestez, Kongresuko azken formalismoa besterik ez zaio falta legeari ofizialki indarrean sartzeko. Hainbat lekutan irakurri ahal izan dugunez, uztaila hasierarako izango da gutxi gorabehera.
Eta orain zer?
Astelehenean kanpaina publiko hasi zenetik, 12 ordutan 100 atxikimendutik gora jaso ditu 'Kazetaritza ez da delitua' egitasmoak, eta egun ere, atxikimendu eta argazkiak jasotzen jarraitzen du. Manifestuari atxikitzeko aukera irekita egongo da Iraitz Salegiren kausa judiziala amaitu arte.
Hurrengo egunetan Mozal Legearen eta Iraitz Salegiren gaia batean eta bestean zabaltzen jarraitzea da erronka. Gaur, adibidez, ETB1eko Azpimarran izango da Salegi.
Talde lanean ari dira egitasmoan parte hartzen duten kideak kanpaina sustatzen. Besteak beste, argitaratutako albisteak webgunean biltzen #KazetaritzaEzDaDelitua traola erabiliaz.
Zentzu honetan, indar egin nahi dute "gure eremutik kanpora atera eta atzerrian ere kasuaren berri zabaltzen saiatzeko". Horretarako, manifestuaren edukia laburbiltzen duen idatzi bat prestatu dute eta "denon artean ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzea gustatuko litzaiguke. Eta honetarako, guztion laguntza behar dugu. Ziur denon artean nazioarteko hedabideetan zabaltzeko idatzia hainbat hizkuntzatara itzul dezakegula. Mozal Legearen gaia kalean dago eta ez soilik Espainiako Estatuan bakarrik. Une ona da lege honen aurka ari direnei gure ekimenaren berri emateko eta lege honen injustizia salatzeko".
[2015/03/11] 'Kazetaritza ez da delitua' manifestuarekin bat egin du URIOLAk ere