Kutxabankeko ustezko ordainketa irregularren auzian aurkeztea erabaki dute LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU, EKA, Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak eta AHT Gelditu! Elkarlanak. Fiskaltzak salaturiko "arduradun zuzenez gain" -Mario Fernandez, Mario Cabieces eta Rafa Alcorta-, eragile sozial eta sindikalen aburuz, erabaki horietan "eremu politikoan parte hartu zuten arduradun politikoak ere epaitu beharko lirateke".
EAJ, PP eta PSE alderdietako arduradunak jotzen dituzte erantzule: "Kapital finantzieroei akzioak saltzea, Caja Sur bezalako entitateak erostea, aktiboak fondo putreetan saltzea, Kutxa publikoen kontrola entitate publiko eta asanbladei kentzea, Xabier Villalabeitiari bezalako eskandaluzko kontratuak egitea eta abar ez dira iruzur hau posible egiten ari diren tresnak baino EAJ, PP eta PSEren arduradun politikoak".
Bigarren arrazoi bat ere bada auzibidera jotzeko. Kutxabank eratu aurretiko eta bitarteko "irregulartasunak" argitzea. Caja Surren erosketan, Euskal Kutxen pribatizazio prozesuan eta Kutxabank bankuaren sorreran izandako "irregulartasunak, mesede tratuak eta klientelismo politikoa argitara irtetea nahi dugu". Horretarako eragileak "beharrezko ikusten ditugun jardun guztiak" aurkezteko prest agertu dira.
Ziurra ez bada ere, LABeko kide Urzi Ostolozagak epaiketa apirilaren 17an has daitekela aipatu du Bilboko epaitegien atarian eginiko agerraldian.
Datuak eransteko deia jendarteari
Era berean euskal jendarteari "gure akusazioa hau baliatuz", beharrezko jotzen dituzten "datuak gehitzeko" aukera emango diote. "Iruzur hau betikotu ez dadin eta etorkizunean iruzur ekintza hauek ezin errepika daitezen".
Beste behin, Euskal Kutxen likidazioan "atzera egiteko" exijitu diete erakundeei "langileon, aurreztatzaileen eta euskal jendartearen aurkako egoerak sustraietatik mozteko".