"Gutako bat zigortzen badute, denok zigortzen gaituzte"

Herritarren Kriminalizazioaren kontrako Plataforma 2015ko mar. 23a, 12:00

Aste honetan jakin dugu Epaitegi Gorenaren sententziak, non zortzi pertsona, aurretik salbuespenezko beste epaitegi batek, Entzutegi Nazionalak, absolbitu zituenak, hiru urtetako espetxe zigorrera kondenatu dituen 2011ko ekainaren 15eko Aturem el Parlament protestan parte hartzeagatik.

Sententziak frogatutzat ematen du kondenatuetako bat “beste parlamentari bat inguratzen zebilena zela, leloak aldarrikatzen”, eta beste hiruk “gastuetan emandako murrizketak aurpegiratu zizkietela eta parlamentari bati ez zituela ordezkatzen esan”. Beraz, Epaitegi Gorenaren sententzia honetatik atera daitekeen ondorioa da, zehaztasun juridikoez, prozedimenduan emandako irregulartasun eta nazioarteko legediaren urraketeta posibleez gain, Estatu Espainolean parlamentuko diputatu baten aurrean norberaren adierazpen askatasunerako eskubidea egikaritzea hiru urtetarainoko kartzelaratzearekin zigortzen dela.

Epaitegi Gorenaren sententzia honen aurrean, Herritarren Kriminalizazioaren kontrako Plataformatik, lehenik eta behin, kondenatuei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu, eta gure babesa eta maitasuna helarazi. Animo!

Honez gain, Estatuko instituzioek mobilizazio sozialetan eta protesta ezberdinetan parte hartzen dugun herritarron aurka darabilten errepresioaren aurrean gure egonezina plazaratu nahiko genuke. Gizartearen eraldaketa eta hobekuntzaren alde lan egitea oinarrizko eskubidea dela deritzogu, eta horregatik aldarrikatzen dugu.

Gainera, gure egonezina handitzen da datorren martxoaren 26an, Diputatuen Kongresuan, Herritarren Segurtasunerako Legea eta Zigor Kodearen erreforma berria onartuko direlako, adierazpen askatasunaren, eta protestarako zein mobilizaziorako eskubidearen aurkako erasoak direla ulertzen baitugu.

Horregatik, 'Mozal Legeen' aurka protestatuko dugu kontzentrazio bat burutuz hauek onartzen diren egun berean: martxoak 26, osteguna, goizeko 11:00etan PPren Bilboko egoitzaren aurrean (Kale Nagusia 89). Eta datorren larunbatean, martxoak 28, 17:30ean Arriagatik aterako den manifestazio baten bidez berriro ere gure kontrakotasuna adieraziko dugu.

Gaur eguneko egoera errepresiboaren eta honen areagotzearen aurrean kezkatuta dagoen oro gonbidatzen dugu mobilizazioetan parte hartzera.

Gutako bat zigortzen badute, denok zigortzen gaituzte.

 

[2015/03/06] Hileta-martxarekin "adierazpen eta mobilizazio askatasunaren kontrako eraso zuzena" irudikatu dute

[2015/03/05] Protesta eskubidearen "heriotzari" omenaldia gaur arratsaldean

[2015/02/26] 'Mozal legeari' aurre egiteko mobilizaziorako deia egin du gizarte eragileen plataforma berriak

[2015/02/26] 'Mozal legea' salatzeko 'Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma' aurkeztu dute gaur