Eraginkortasun gehiagorekin erantzungo dute Udalak eta Trafiko Zuzendaritzak

uriola.eus 2015ko mar. 23a, 13:41

Lankidetzarako protokoloa izenpetu dute gaur Bilboko Udalak eta Bizkaiko Trafiko Zuzendaritzak informazioaren trukea indartzeko xedez. Horrekin, agirien kudeaketa murriztu, herritarrek izapideak egiteko erosotasun handiagoa lortu eta herri-erakunde bietako administrazio-lanetan eraginkortasun handiagoa eduki daiteke.

Gaur Ibon Areso, Bilboko Alkateak eta Adolfo Peñaranda Molinos Bizkaiko Trafiko Zuzendaritzako Buruak izenpetutako hitzarmenari esker, Segurtasun Sailak eta Ekonomia eta Ogasun Sailak "modu nabarmenean kalitate hobeaz" sartu ahal izango dira Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) erregistroetan, ATEX aplikazio informatiko berriaz baliatuta. DGTk berak garatu du kanpo-eragileek bere datu-baseak erraztasun handiagoaz erabili ahal izateko.

Halaber, hitzarmen honi esker, Bizkaiko Trafiko Zuzendaritzak Bilbon erroldatutakoen arteko helbide-aldaketei dagokien informazioa eskuratu ahal izango du, Trafiko Zuzendaritzako erregistroetan inskribatzeko, bai ibilgailuei bai gidariei dagokienez. Horrekin, herritarrek ez dute Trafikoko bulegora jo behar izango bizitokiaren aldaketa jakinarazteko eta Trafikoko Bizkaiko Zuzendaritzaren administrazio-lanak errazten dira.

Ekimen hau burutu ahal izan da Bilboko Udalaren Jaietako eta Herritarren Arreta Sailak emandako lankidetzari esker, izan ere, organo hori arduratzen da Udal Errolda kudeatzeaz.

Bizkaiko Trafiko Zuzendaritzari eskainitako informazioa interesatuek hala eskatuta emango da. Horretarako, bizitokiz aldatzean jakinarazpenarekin ados daudela adieraziko dute. Prozedura berri honek aldaketa informatikoak ekarri ditu udal sarean.

2014ko abenduaren 9tik, hiru hilabete pasatxotan soilik (lehengo ostiralera arte -martxoak 13-) guztira 1.912 jakinarazpen erregistratu ziren herri-erakunde bien artean.

Halaber, Bilboko Udalak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren bitartez, Bizkaiko Trafiko Zuzendaritzari ibilgailuen udal erregistroaren informazio erabilgarri hau eskaintzen dio: behin behineko bajan dauden ibilgailuei buruzko informazioa. Hor Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergari dagokion ordainketa egin ez duten ibilgailuak sartzen dira.

Herri-erakundeen arteko harreman "bikainak"

Gaur egun, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Trafiko Zuzendaritzak harreman instituzional "ezin hobeak" dituzte, izan ere, 2007an finkatu ziren lankidetzarako hitzarmena sinatutakoan. Haren bidez, Udalak DGTren ibilgailu eta pertsonei buruzko erregistroetan sartu daiteke, trafiko alorreko zehapenak jartzeko eta Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga kudeatzeko udal eskuduntzak gauzatzeari dagokionez.

Ildo horretan, DGTk hilean behin bidaltzen dio Bilboko Udalaren Ekonomia eta Ogasun Sailari Ibilgailuen Erregistroko mugimenduen zerrenda, Bilbon helbideratutako ibilgailuei dagokionez, formatu digital enkriptatuan. Horren baitan, matrikulazioak, birmatrikulazioak, transferentziak, helbide-aldaketak, ezaugarrien aldaketa eta behin-behineko zein behin betiko bajak agertzen dira.

2014an, grafikoan islatutakoaren arabera, DGTk jasotako mugimenduak 44.536 izan ziren eta horietako 33.818 transferentziak izan ziren.

Halaber, 2011n, Udalaren Ekonomia eta Ogasun Sailak modu telematikoan jakinarazten dio DGTri ordaindu gabeko errezibuen zerrenda, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergari dagokionez. Horrekin, orain Trafiko Zuzendaritzak ez du eskatu behar zerga hori ordainduta dagoela kreditatzea ibilgailuen titulartasunaren aldaketak ematen direnean, partikularrei eta gestoriei izapideak erraztuta.

Azkenik, Segurtasun Sailak, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzaren bitartez, DGTri eskaintzen dio informazio estatistiko osoa, istripu, ikuskaritza-kanpaina eta abarri dagokienez. Gainera, dagokion aplikazio informatikoaz baliatuta, gidabaimenaren puntuak galtzea dakarten trafikoaren alorreko indarreko zehapen guztien berri ematen du.

Hobekuntza guzti horiek egiteko, Bilboko Udalaren Segurtasun eta Ekonomia eta Ogasun Sailek CIMUBISA udal zentro informatikoaren bitartez, TESTRA izeneko jakinarazpenetarako plataforma edo taula elektronikoarekin bat egin dute. Horrek aurreko aldizkari ofizialak eta udal ediktuak ordezten ditu eta, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzarekin egindako hitzarmen baten bidez, Bide Zuzendaritza Elektronikoan (DEV) ere sartu da, trafikoa alorreko zehapenen prozedura guztien jakinarazpen elektronikoa egiteko.

Trafikoaren datuak Bilbon

Bilbon 180.000 ibilgailu inguru daude. Horien hiru laurdenak gutxi gorabehera autoak dira, eta batez beste 10 urteko antzinatasuna dute, Bizkaiko Trafiko Zuzendaritzak 2013ko abenduaren 31n zeuzkan datuen arabera. Gidarien kopurua apur bat handiagoa da, 183.000 (herritarren %52a), horietako %40 emakumeak eta %60 gizonezkoak izanda.

2013an, Bilbon gidabaimenaren puntuak galtzea dakarten 2.335 zehapen ipini ziren. Guztira, 7.456 puntu kendu ziren, horietako gehienak semaforoak gorriz igarotzeagatik eta gehiegizko abiadurarengatik. Halaber, zauri edo heriotza ekarri zuten 610 istripu egon ziren -aurreko urtean baino %1,3 gutxiago-. Horien ondorioz 4 hildako, 45 ospitalizatu eta arin zauritutako 837 lagun izan ziren.