Ibon Areso Bilboko Alkateak ere parte hartuko du ekimenean udal ordezkari eta Iñigoren senide eta lagunekin batera. Athletic eta Shalke 04 taldeen arteko futbol partidaren ostean zauritu zuten 28 urteko gaztea, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan, eta lau egun geroago, apirilaren 9an, zendu zen Basurtuko ospitalean. Hirugarren urteurrena heltzear dagoela Udalak lehen aldiz gogoratuko du Athleticzale gaztea.
Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek eman eta lau egunetara. Apirilaren 5eko gauerdiaren inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buru hezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran egon zen aireztapen mekanikoarekin, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten arte.
Gertaeratik hiru urte beteko dira, eta oraindik ez da Cabacas auzia argitu. Eztabaida ugari piztu dituen kasu honek hainbat akats ezagutarazi ditu, puntu ilunak edota txosten batzuen falta, tartean. Bestalde, herritarren aldarrikapenak azpimarragarriak izan dira Iñigo Cabacasen auzia argitzeko prozesuan; izan ere, etengabeko mobilizazioak antolatu dira urte hauetan (manifestazioak, giza kateak, omenaldiak eta abar).
[2015/02/12] "Hiru urte eta gero beharrezkoa da honekin bukatzea; gurasoengatik eta Iñigogatik"
[2015/02/25] Cabacas hil zuen pilotakada jaurti zuen ertzain bat identifikatu dute