Esandako agirian salatzen dute Erregistro Zibila, praktikan, pribatizatu nahi dela. Halaber, eskatzen dute Erregistro Zibilak zerbitzu publiko eta doakoa izaten jarrai dezala eta transferentzia Eusko Jaurlaritzara pasa dezatela (Eusko Legebiltzarrak onartu zuen gisan).
Mozioa datorren ostegunean, hilak 26, eztabaidatuko dute udalbatzan. Hori dela-eta egun horretantxe 11:00etatik 11:15era elkarretaratzea deitu dute Bilboko Erregistro Zibileko ate aurrean, Barroeta Aldamar kalea, 10 (Justizia Jauregia).
Adierazi dutenaren arabera, hori beste urrats bat baino ez da, delako mozio hori EAEko udal guztietan aurkezten ari baitira.
Alderdi politikoei aurkeztutako mozioan, Erregistro Zibila Merkataritza Erregistratzaileen esku uzteak benetan ekarriko dituen ondorioak zehazten dituzte.
Gogora dakarte Erregistro Zibilean herritar guztien jaiotzetik hil arteko datuak gordetzen direla, euren bizitza osoan gerta daitezkeen gorabehera guztiekin: egoera zibila, seme-alabak, ezkontzak, ezgaitasunak, tutoretzak, adopzioak, emantzipazioak, aitatasun aitortzak... Era berean, bestelako espedienteak ere egiten dira: izenak eta abizenak aldatzea, horiexek euskal grafiara egokitzea, herritartasuna eskuratzea, auzotasun zibil bizkaitarra, ezkontza zibilak (gaur egun, gehienak); zaharrek pentsioa jasotzeko hain garrantzitsuak diren bizi-agiriak eta egoera-agiriak ere egiten dira; eta baita enpresa-aseguru osagarriak.
Horiek horrela, azpimarratzen dute are asaldagarria dela: interes pribatua duten eskuetan utzirik zerbitzu publiko bat deuseztatzeari ekitea ez ezik, egitasmo horrek pribatutasun eskubidea zalantzan jartzen du, orain arte ez bezala horiek datu pertsonal guztiak langile publikoak ez diren enpleguatuek gordeko baitiutzte.
Azkenik, diru publikoa xahutzea ere jartzen dute agerian: arestian 128 miloi euro gastatu dute estatuko Erregistro Zibil gehien-gehienetako liburuak (jaiotzak, heriotzak, ezkontzak) informatizatzeko. Bada, inbertsio hori oparitu behar diete interes pribatua duten lagunei.