"Mireni gertatua ez errepikatzeko konpromisoa" eskatu diote Laboral Kutxari

uriola.eus 2015ko mar. 26a, 09:38
Argazkiak: @labsindikatua / @EcuadorEtxea

Hipoteka berriro negoziatzeari Laboral Kutxak uko egin eta gero, Antsoainen joan den igandean bere buruaz beste egin zuen Miren Peña gogoratu zuten atzo arratsaldean Areatzan Laboral Kutxak duen egoitzaren aurrean. Heriotza baino "hilketa" izan dela salatu zuten elkarretaratzean parte hartu zuten lagunek.

Etxe kaleratzeen eta kaleratzeen ondorioen "errudun" jo dute banka, eta "gobernuak konplize". PAH Kaleratzerik Ez! elkarteak deituta hainbat lagun elkartu ziren Laboral Kutxak Bilbo duen egoitza nagusiaren aurrean, Areatzan. "Bere burua zuritzeko erdi egiak esateari uzteko gomendatzen diogu Laboral Kutxari", adierazi zuten elkarteko kideek, eta "Mireni gertatutako ez errepikatzeko konpromisoak har ditzala".

Atzoko elkarretaratzean "Etxebizitza duina izateko eskubidea, kaleratzerik ez" zioen pankarta zabaldu zuten PAH elkarteko kideek eta LAB sindikatuko afiliatuek "Miren Peña gogoan. Enplegua eta etxebizitza denontzat. STOP etxebizitza-lan kaleratzeei, kapitalismoari" zioten kartelak.

EH Bilduko zinegotzi David Lopategi izan zen elkarretaratzean parte hartu zuenetako bat. Lopategiren hitzetan, Mirenek "ez zuen bere buruaz beste egin, eraila izan zen".

 

BBK-Kutxabankek "ez du kaltetuekin negoziatzen"
Hipotekak kaltetutako lagunen plataformek eta Euskadiko IRPH Stop elkarteak dei egin dute bihar, ostirala, BBK-Kutxabanken egoitza aurrean kontzentratzera. 2014an BBK-Kutxabankek "213 etxe kaleratze" agindu zituela salatuko dute. Elkarteen hitzetan, "ez dute kaltetuekin negozitazen".


Hitzordua: martxoak 27, 11:00etan, Bilboko Kale Nagusiko 30 eta 32an, foru jauregi ondoan.