Gizarte murrizketen prozesioa

uriola.eus 2015ko mar. 31a, 13:37

Gizarte Murrizketen Kristo Handia eta Prekaritatearen Ama Birjinak gaur prozesioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurretik, Servicio Público de Empleo SEPEren egoitzara eta bertatik Confebasken egoitzara.

Bizkaiko hainbat gizarte eragilek parte hartu dute gaur goizean 'Gizarte murrizketen penitentzia' deitu dioten prozesioan. Gizarte laguntzak eskuratzeko prozesuan, Eusko Jaurlaritzak ezarritako "murrizketa berriak" salatu nahi izan dituzte ekintza honekin. Batik bat, langabeek, enplegu prekarioa dutenek eta gutxiengo pentsioa jasotzen dutenen egoera. "Euren eskubideak urratzen dituzten murrizketa-sortarekin egin behar izan dute topo", salatu dute. Horrek, egunerokoan, hainbat ondorio eragin dizkie: "Kalean eta baliabide gabe utzi ditu krisi ekonomikoak harrapatutako familiak".

Berri-Otxoak elkarteko kideen arabera, enplegu prekarioa dutenei Laneko Diru-sarrerak Osatzeko Errenta "kentzen zaie" hiru urteko epearen ostean. Era berean, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta "baztertu zaie" kide bakarreko familiei zein etxetik kaleratuak izan diren edota krisiak kolpatu dituen bikote eta senar-emazteei.

Gaurko prozesioan Lanbideren praktika "okerrak" ere salatu dituzte. "Erabiltzaileen eskubideak urratzen dituzten laguntzen behin behineko etenaldiak" agintzeagatik expedienteen argitze eta erabakitze-fasean eta "informazio eskubidea eta norbere burua defendatzeko eskubidea ez errespetatzeagatik Administrazioak isuna ezarri baino lehen", besteak beste.