Gaur goizean deitu dute deklartzera Artola. URIOLAk jakin duenez, hainbat konpartsakidek deklaratuko dute lekuko gisa. Lekukotasun horiekin txupinera Udalak ez baizik eta konpartsek eurek aukeratzen dutela azalduko dute eta konpartsen arteko zozketaz erabakitzen dela urte bakoitzean zein konpartsari dagokion bere kide bat izendatzea.
Bilboko Konpartsak federazioko kideek Txori Barroteko konpartsakide den Jone Artolari elkartasuna adierazi diote gaur goizeko 9:00etan, elkarretaratzea eginez Barroeta Aldamar kalean, auzitegiko sarreran. "Gure babes eta maitasun guztia Jonerentzat", adierazi nahi izan diote epaitegira sartu baino lehen.
Artola txupinera izendatzeak Biktimen Legea urra dezakeela defendatu du Carlos Urkijo EAEko Espainiako Gobernuko ordezkariak, Artolak "legez kanpoko erakundeekin duen loturagatik".
Udalak ez du txupinera izendatzen
Ez da Bilboko Udalari ez Jai Batzorde Mistorari dagokion zeregina Aste Nagusiko txupineraren izendapena, Bilboko Konpartsen federazioari baizik. Konpartsek zozketa egiten dute txupinera zein konpartsakoa izango den erabakitzeko, eta zozketan zoriak hautatzen duen konpartsa arduratzen da bere konpartsakideen artean txupinera kargurako pertsona aukeratzeaz. Inoiz txupinera izan duten konpartsak zozketatik kanpo geratzen dira.